Lur-jausia Zaldibarren

Bilaketa lanak lurjausiaren erdigunetik gertuago egiten hasiko dira, sarbide berri bati esker

Anboto 2020ko mar. 6a, 13:33

Pedro Anitua eta Ernesto Martinez hedabideen aurreko agerraldian. (irekia.eus)

Eguraldi txarrak lanak zailtzen dituen arren, asteburuan goiz eta arratsalde ibiliko dira bertan lanean, arduradunek azaldu dutenez.

Zaldibarko zabortegiko bilaketa-operatiboaren jarraipen eta koordinaziorako batzorde teknikoak, datozen orduetarako aurreikusten diren urratsak aurreratu ditu, gaur goizean Ermuko Izarra eraikinean egindako bileran.

“B1.3 zonaldera sartzea ahalbidetuko digun bide berri bat ireki dugu. Orain arte ezin genuen bertara heldu”, informatu du Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak. B1.3 zonaldea, zabortegiko baskularen —lurjausiaren erdigunea— azpialdean dago; zabortegira begira jarrita, eskumako aldean. Desagertutako langileak aurkitu daitezkeen gune bat dela azaldu du Anituak.

Gainerako bilaketa eremuetan lanean jarraituko dute. Asteburuan zehar autopistatik gertuen dagoen guneko lur denak mugitzea itxaroten dute. “Horrela, bilaketa gune bat itxi ahalko dugu”, azaldu du Anituak.

Eguraldiak eragindako zailtasunak

“Eguraldiak ez du laguntzen. Lanak zaildu egiten ditu, baina gure ideia da lanak momentu batean ere ez geratzea”, esan du Anituak.

Eguraldiak bilaketan eragiten dituen zailtasunak azpimarratu ditu Ernesto Martinez Uraren Euskal Agentziako zuzendariak. “Alde batetik, makinak labandu egiten dira lokatzetan eta, bestetik, eguraldi txarrak beste lurjausi bat gertatzeko aukera handitzen du”. Horregatik, pausuak ematerako orduan “arduratsuak” izan behar dutela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!