Iñigo Urkullu lehendakaria izan da Zaldibarko jardueren jarraipena egiteko erakunde arteko koordinazio-bileraren buru. Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Aldundiko hainbat agintari eta Zaldibar, Ermua, Eibar, Mallabia eta Elgetako alkateak batu ditu batzarrak.
Erakunde arteko Mahaiak "balorazio positiboa" egin du Batzorde Teknikoan egindako lanez. "Orain esan daiteke egoerak larria izaten jarraitzen duela baina kontrolpean dagoela", Jaurlaritzako ohar baten arabera.
Ingurune horretako pertsonen osasun publikoa "kontrolatuta eta etengabe monitorizatuta" dagoela azaldu dute. Airearen, uraren eta inguruan ekoitzitako elikagaien kalitatea, berriz, "zuzena" da, oharrean jasotzen denez.
Sutearen fokuren bat berpizteko arriskuak "bere horretan" jarraitzen du. Hala ere, "operatibo espezifiko bat" jarri dute martxan, arrisku hori "ahalik eta gehien murrizteko". Horrela, fokuren bat sortuko balitz, hartu beharreko neurriek sua "ordu gutxi barru itzaltzea ahalbidetuko lukete".
Hondakindegian lanean ari diren pertsonen segurtasuna "bermatuta" dagoela diote. Ildo horretatik alerta goiztiarreko eta lurraren mugimendu posibleak monitorizatzeko protokolo bat jarri dute abian.
Beraz, "ahalegin guztien kontzentrazio fasea abian da desagertutako pertsonen bilaketan", adierazi dute. Fase berri honen aitzindaritza Segurtasun Sailari eta Ingurumen Sailari dagokiela-eta, Erakunde arteko Mahaiak erabaki du Lehendakaritzatik garatutako koordinazioa bi sailek batera egingo dutela hemendik aurrera.