Zaldibarko zabortegiaren goiko aldean piztu daitezkeen suak kontrolatu asmoz, dispositiboa indartu duela jakitera eman du Ingurumen Sailak. Gaur goizean, lau orduz, helikoptero bat apar zigilatzailea botatzen ibili da, lur-jausiaren "puntu arriskutsuenen" gainean. "Aparrak metano jarioen ondorioz sortu daitezkeen foku berriak aktibatzea zailtzen du. Poroak zigilatzen dituenez, suak ezin du arnasarik hartu eta", esan du Ernesto Martinez de Cabrero Uraren Euskal Agentziako zuzendariak.
Bestalde, Martinez de Cabrerok azaldu du, bihar goizean ikusiko dutela ea gaurko lanek nolako efektua izan duten, eta orduan baloratuko dutela ea helikopteroarekin lanean jarraituko duten, edo ez.