Lur-jausia Zaldibarren

Ingurumen Sailak Verterren bigarren espediente zigortzailea helarazi dio Fiskaltzari "deliturik egon daitekeen argitzeko"

Anboto 2020ko ots. 21a, 20:11

Ingurumen Sailak dioenez, aurkeztutako idazkian jabetzak adierazten du zabortegian "ikertzen ari ziren anomaliak" aurkitu zituztela. 

Prentsa oharrean azaldu dutenez, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Fiskaltzari jakinarazi dio gaur Verter Recycling 2002 SL enpresaren aurka hasitako bigarren espediente zigortzailearen edukia, "delituzko gairik" izan daitekeen jakiteko.

Oharrean diotenez, bigarren espediente horren hasiera gaur bertan sinatu du Ingurumen sailburuak, eta ez du zerikusirik aurreko udan Zaldibarko zabortegiari egindako ikuskapenetan atzemandako ustezko arau-hausteengatik Sailak duela egun batzuk irekitako beste espedientearekin. 

Arau-hauste "larri" horrek zerikusia du Ingurumen Sailak eskatuta luiziaren ondoren enpresak bidali duen dokumentazioaren hainbat alderdirekin. Ingurumen sailburuordeak dioenez, otsailaren 10ean egindako errekerimenduari erantzuteko, jabetzak aurkeztutako idazkian adierazten da zabortegian "ikertzen ari ziren anomaliak" aurkitu zirela. "Otsailaren 4an arrakalak agertu zirela eta geroztik, enpresak eta langile espezializatuek lanean jardun zutela 4., 5. eta 6. egunetan, zabortegiaren jarduerak jarraitzen zuen bitartean. Hori guztia Administrazioari jakinarazi gabe, ingurumen-baimen integratuak ezartzen duen bezala", dio Ingurumen Sailak.

Ingurumen sailburuaren erabakia Verter Recycling 2002 SL enpresari jakinarazi diotela gaineratu dute, eta Zaldibar, Ermua, Eibar eta Elgetako udalei, URA-Uraren Euskal Agentziari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun, Segurtasun eta Lan sailei ere jakinarazi diete.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!