Lur-jausia Zaldibarren

Zaldibarko herrigunean zabortegiari buruzko bilera informatiboa egiteko eskatu dio EH Bilduk udalari

Anboto 2020ko ots. 21a, 16:16

EH Bilduren ustez, Zaldibarko zabortegiaren kasuagaz informazio "argia" eta "puntuala" ematea beharrezkoa da herritarren "beldurra eta haserrea ez areagotzeko".

"Hondamendia gertatu zenetik, hainbat aldiz eskatu diogu EAJk eta PSE-k osatzen duten gobernu taldeari Zaldibarko hirigunean informazio bilera bat deitzeko. Joan zen astean alkatearekin bildu ginen eta bilera egingo zutela ziurtatu zigun, baina otsailaren 14an, Eitzagan egindako bileran alkateak uko egin zion herrigunean beste bilera bat antolatzeari", adierazi dute ohar bidez EH Bilduko kideek. Otsailaren18an, berriz, gobernu taldearekin berriro batu eta bilera egingo zela ziurtatu zietela azaldu dute, otsailaren 24tik 28rako astean. "Hala ere gaur egun ez dugu horren berririk, eta badirudi gobernu taldeak orain ez duela bilera deitzeko asmorik", esan dute oposiziokoek. 

Hori horrela, eta gobernu taldeak herri batzarrarekiko duen jarrera zein den jakin asmoz, udalean eskaera bat sartu dute EH Bildukoek. "Gure ustez behar-beharrezkoa da bilera informatiboa deitzea; izan ere, gure bizilagunen zalantzak eta galderak ugariak dira, eta gehienek ez dute oraindik erantzunik jaso", bukatu dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!