Egunero lez mahai teknikoak bilera egin du Zaldibarko udaletxean, eta bertan jakitera eman dutenez, langileak topatzea da berain "lehentasun nagusia". "Gure ahalegin guztiak egingo ditugu desagertutako langileak aurkitzen", esan du Josu Zubiagak. Pedro Anitua Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Metereologiako zuzendariak azaldu duenez, hiru eremutan dabiltza lanean, baskulatik behera. "Eremu horietan uste dugu daudela gorpuak aurkitzeko aukerarik handienak", esan du Anituak. Hala ere, gune horietara heltzeko, lehenengo lurra egonkortu behar dute, eta momentu honetan horretan dabiltza. "Ezin dugu langileen segurtasuna arriskuan ipini, beraz, lehenengo lurra egonkortu behar da", azaldu dute.
Bestalde, lur-jausitik ateratako lurrak "arretaz" begiratzen dituztela jakitera eman dute mahai teknikoko kideek. "Lehenengo lekuan bertan mugitu behar den lurra begiratzen dute langileek, ondoren kamioira kargatzen da lurra, eta gero deskargatzerakoan, berriro, dena begiratzen da", esan du Zubiagak. Lur hori suhiltzaileek, Ertzainek eta larrialdietako teknikariek inspekzionatzen dute. Baita txakurrek ere.
Zelda bat eraikitzen
Prentsaurrekoan Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak esan du zabortegitik gertu behin-behineko zelda bat eraikiko dutela. Zeldak 100.000 tona inguru gordetzeko lekua izango du, eta legeak agintzen dituen baldintza guztiak beteko ei ditu. "Zelda honek lanekin jarraitzeko hiruzpalau asteko tartea emango digu. Gero ikusi egin beharko da zabortegiaren ingurutik beste behin-behineko zelda bat eraiki dezakegun", amaitu du Morenok.