Lur-jausia Zaldibarren

Sutea amatatzeko makinak prest daude Zaldibarko hondakindegian

Anboto 2020ko ots. 15a, 12:45

Hondakindegiko gune bat egonkortzea lortu dutenez, “makinaria pisutsua” sartu dute bertara. Suteak “lauzpabost” foku ditu eta ura barik, harea bota beharko dute ezinbestean bertara

Sutean dago arreta. Atzo Zaldibar inguruko eguratsean dioxina eta furano kantitate altuak zeudela jakin ostean, sutea amatatzeko lehentasuna hartu dute Ingurumen eta Osasun Sailek. Elena Moreno Ingurumen sailburuak esan du “makinaria pisutsua” sartzea lortu dutela hondakindegiko sutearen ingurura, eta ahal bezain laster ekingo dietela amatatzeko lanei.

Bestalde, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak aurreratu du eguenean ailegatuko zaizkiela airearen kalitateari buruzko datu gehiago. Izan ere, Jaurlaritzak atzo publiko egindako datuak otsailaren 9ko erregistroarenak dira. “Dioxina, furano eta PCB maila altuak” egon zirela ikusi zen eta eguenean ailegatuko dira otsailaren 10ean, 11n eta 12an erregistratutako datuak. 

Datuak iritsi arteko denbora tarte luze hori ohikoa dela azaldu dute. Jesus Ibarluzea Osasun Saileko medikuak azaldu duenez, “laborategi gutxi batzuk” baino ez dira airean dauden partikula guztiak, modu zehatzean, aztertzeko gai. Espainiar estatuko CESIC ikerketa kontseilua ari da hondakindegi inguruetako kea aztertzen.

Botiketan saldu ohi dituzten maskaratxo zuriei buruz galdetuta, Jaurlaritzak ez du haien erabilera gomendatzen, ez dutelako airean dagoen arazoa konpontzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!