Lur-jausia Zaldibarren

[BIDEOA] Dioxina tasa altuen berriak herritarrak kalera atera ditu Zaldibarren

Jone Guenetxea 2020ko ots. 14a, 21:20

Dioxina eta furano tasa altuak topatu dituzte otsailaren 9ko airearen kalitatearen neurketetan. Albisteak haserrea piztu du inguruko herrietan. Zaldibarren berehala deitu dute manifestazioa. 

Airearen kalitatearen neurketak otsailaren 9an egin zituzten. Gaur jasotako emaitzen arabera dioxina eta furano tasak zentro urbano batean egon ohi direnak baino 40-50 aldiz handiagoak dira.

Ingurumen Sailak  kanpoan ariketa fisikorik ez egiteko eta etxeetako leihoak ez zabaltzeko aholkatu du Zaldibarren, Eibarren eta Ermuan.

Aholku horrek eragin diezaioke Eibarrek eta Realak domekan Ipuruan jokatzekoa duten derbiari. Bestalde, asteburuan Zaldibarko Solobarrian jokatzekoak ziren partidak bertan behera gelditu dira.

Osasun Sailaren informazioa

Prentsa oharrean azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Eibarren, Ermuan eta Zaldibarren, hondakindegiaren inguruan, prebentzio-neurriak hartzea gomendatu du, airean dioxinen eta furanoen maila handiak daudela egiaztatu ondoren. Bilbon egindako agerraldi batean eman dute erabakiaren berri, gaur arratsaldean bertan CSICek aztertutako laginen emaitzak jaso ostean. Azaldu dutenez, "konposatu kimiko horiek ez dute ez dute berehalako eraginik osasunean, baina zuhurtziazko neurri horiek hartzea gomendatzen dugu".

Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak, Juan Jose Aurrekoetxea Osasun Publikoko zuzendariak eta Saileko Osasun Publikoko teknikariek prentsaurreko bat eman dute azken datu horien eta neurrien berri emateko. Oharrean diotenez, dagoeneko helarazi diete informazioa zabortegiaren inguruko herrietako alkateei, bihar berriro bilduko den erakundeen arteko koordinaziorako mahai teknikoari eta Eusko Jaurlaritzako gainerakoei.

Zabortegiaren eraispena gertatu zenetik aire neurketak indartu ziren. Gaur arte, ez da anomaliarik antzeman airearen kalitatearen adierazleetan, osasun publikoari dagokionez. Hala ere, CSICek gaur jasotako emaitzen arabera, gainerako substantziak ohiko parametroetan mantentzen dira, baina airean dioxinen eta furanoen maila handia da.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!