"Jaurlaritzak ez du inolako laguntzarik baztertzen bilaketa lanetan, Espainiako Armadarena ere ez"

Anboto 2020ko ots. 14a, 10:16

Hasierako uneetan Jaurlaritzak ezezkoa erantzun zion Espainiako Armadaren laguntza eskaintzari, "oinezko lanean" zentratuta zebiltzalako eta jende asko zebilelako "esparru txikian". Orain, ate guztiak irekita dituzte, bai bilaketa lanetan, bai ete bestelako esparruetan ere.

Hedabide batzuek gaur argitaratu du Zaldibarko lur-jausia gertatu eta lehen uneetan Espainiako Armadak desagertutako bi lagunak aurkitzeko laguntza eskaini ziola Jaurlaritzari, baina orduan ezetz esatea erabaki zuela. Jaurlaritzako iturriek hartueman hori baieztatu diote ANBOTOri. Ezezko erantzuna arrazoitzeko adierazi dute, hasierako une haietan, “oinezko lanean” zentratuta zebiltzala eta jende asko “esparru txikian” zebilela lanean: Ertzaintzako erreskate taldea, bilaketa-txakurrak, suhiltzaileak eta Gurutze Gorria, besteak beste. “Momentu hartan ez zen horrelako laguntzarik behar”, diote.

Orain ate guztiak zabalik dituztela azaldu dute bai bilaketari dagokionez eta bai lur-jausiak eragindako bestelako kalteei aurre egiterako orduan. "Jaurlaritzak ez du inolako laguntzarik baztertzen bilaketa lanetan, Espainiako Armadarena ere ez", azaldu dute. Beharrizanen arabera arlo bakoitzean dauden adituak bilatzen dabiltzala azaldu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!