"Telebistan agertu ginenetik, askok eskatu digute ea euren adina igartzen dugun"

Aitziber Basauri 2020ko ots. 15a, 10:00

Telebistan ikusita erraza ematen du, eta lehiaketa behin eta berriro ikusiz trebatu dira; hala ere, Mikel Arroitaonandia eta jatorri berberea duen Safuan Afakir zaldibartarrek ez dute zenbait lagunen adina igartzea lortu. Aurrez aurre errazagoa dela argi dute.

Dagoeneko, zenbatek eskatu dizuete euren adina igartzea?
Mikel:
Askok! Batez ere, bulegoan. Uste nuen 'El concurso del año' lehiaketa ez zuela jende askok ikusten. Telebistan agertu ginenetik, askok eskatu digute ea euren adina igartzen dugun.
Safuan: Niri ere berdin pasatu zait.

Zelan animatu zineten programan parte hartzera?
Mikel: Eguerdian ordu bi ditugu bazkaltzeko, eta biok ikusten dugu lehiaketa. Egun horietariko batean, whatsappez ibili ginen, biok lehiaketa ikusten genbiltzala. Hainbaten adina igarri genuela-eta, parte hartzera animatu ginen. Ez genuen uste deituko zigutenik. Momentuko gauza izan zen.

Uste baino gatxagoa da inoren adina igartzea?
Safuan: Bai, askoz ere gatxagoa! Platoan urduri zaude, kamerak zu grabatzen daude, adina asmatu beharreko pertsona urrun dago…
Mikel: Telebistan gertuko planoak agertzen dira, oso gertutik ikusten da pertsona. Baina, platoan, 15 bat metrora duzu adina igarri behar duzun pertsona hori. Zimurrak, aurpegiera… ez dira horren ondo ikusten.

;

Asiako hego-ekialdera bidaiatzeko gura zenuten dirua. Atzeratu egin beharko duzue bidaia...
Mikel:
Dirutxo bat ekartzea itxaroten genuen, Sri Lankara joateko.
Safuan: Bidaia egin egingo dugu, baina, orain, aurreztu egin beharko dugu. Nik neuk ez nuen itxaroten ezer ekartzea. Oso gatxa da, gutxik eraman dute dirua etxera.

Lehenengoz parte hartu duzue telebistako lehiaketa batean? Zelakoa izan da esperientzia?
Mikel:
Mihiluzen egon nintzen ni, orain sei bat urte.  Oso esperientzia polita da. Telebista barrutik ezagutzeko aukera ematen du: kamerinoak, platoak, grabatzen hasi aurretik jendearen urduritasuna…
Safuan: Lehenengoz joan naiz ni, eta, 0tik 10era, 9koa izan da esperientzia; oso ona. Hori bai, oso azkar joan zen dena. Konturatu orduko amaitu zen programa.
Mikel: Bezperan, lorik egin ezinik zegoen Safu, eta niri ere ez zidan utzi! Ni platora sartzeagaz bat urduritu nintzen. Safu lasaiago zegoen.

Beste lehiaketaren batera ere aurkeztuko zarete?
Safuan:
Ez dago esaterik, baina ez dut uste.
Mikel: Gustatuko litzaidake. El Conquistador del  Caribera joateko castinga egin nuen iaz, baina ez ninduten hartu. Oso esperientzia polita izan behar du; kirola eta erronkak asko gustatzen zaizkit gainera. Aurten berriro ahaleginduko naiz.

Telebistan ikusita, zer esan dizue jendeak? Adarjotze asko izan duzue?
Mikel:
Bai, asko! Formalagoak, lotsatiagoak ematen ei genuen.
Safuan: Amak Alemaniatik ikusi ninduen, eta emozionatuta deitu zidan. Ondo aritu ginela esan zidan (barrez).

Animatzen duzue jendea?
Mikel: Bai, noski! Oso esperientzia ona da.
Safuan: Ondo pasatzera joan daitezela, eta diru apur bat ekarriz gero, ba hobeto.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!