Lan egokia egiten dabiltzala uste duzu?
Badago baserri bat, Etxebarri baserria, zabortegitik oso gertu dagoena eta ez dutena hustu. Ulertezina da airea neurtzen aritu direnak zabortegitik gertuen dagoen baserrira joan ez izana. Bestalde, ederto dago suhiltzaileei eta bertan lanean aritu direnei azterketa medikoak egitea; baina horrenbeste urtean hemen bizi garenoi, zer? Harrigarria da zabortegitik gertu gaudenoi mediku-azterketarik ez egitea.
Instituzioak ondo dabiltza ardurak betetzen?
Eitzagan ganorarik barik dabiltza, bai Eusko Jaurlaritzatik, bai eta Zaldibarko Udaletik ere. Ulergarria da udala noraezean aritzea, gai potoloa delako. Baina Eusko Jaurlaritzan zer egin ez dakitela dabiltza egunotan.
Euriagaz lanak zaildu egin daitezke.
Esan dute euriagaz gauzak zaildu egingo direla, bai. Ez gara bizi Saharan, eta Euskal Herrian hamabost egunean jarraian euria egin dezake. Gainera, ura iragazten hasita dago, ura sartzen. Ez dakit zer den iragazten hasi dena hain zuzen, baina lur geruza apurtuta dago.
Aurretik ere arazo gehiago egon dira zabortegiagaz?
Orain urte batzuk, beste zabortegi bat zegoen Verte Recycling dagoen tokian bertan. Auzoko jendeak ez zuen zabortegi hura eraikitzerik gura, eta arazo asko egon ziren. Kontatu didate bere garaian auzotarrek galdeketa bat egitea adostu zutela udalagaz, baina ez zutela inoiz ere gauzatu.
Igartzen zenuten ezer arrarorik zabortegitik gertu?
Gauza arrarorik ez, baina sekulako kamioi trafikoa zebilen ingurutetatik. Egunean ehunka kamioi zetozen hona, batzuk Espainiako eta Frantziako estatuetatik, edozer botatzera. Oso urrutitik zetozen, merkea delako zabortegi honetara botatzea.
Zerk kezkatzen zaitu gehien momentu honetan?
Hainbat kontuk kezkatzen naute: lehenengo eta behin, denei lez, zer egon daitekeen zabortegian, guk ez dakiguna; gero, baimenduta zuena baino eremu handiagoa okupatzen zuela zabortegiak; eta, azkenik, gas neurketak egin zituztenean hodi batzuk sartu zituzten orain denbora bat, eta hodietatik kea ateratzen zen. Oso susmagarria egiten zait hori dena.
Orain itxarotea geratzen zaizue.
Desagertuak aurkitzea da garrantzitsuena orain. Osasuna eta segurtasuna bermatzea errazagoa da borondate politikoa badago.