Hondakindegiko sutea amatatzeko ahaleginetan ari zarete. Nola dago sutea?
Ura botatzen ari gara, baina kontua da makinak sutea dagoen tokira sartu arte ezingo dugula askorik egin. Momentuz ezinezkoa da hori, mendi-magalaren ezegonkortasuna dela eta. Arriskua dago. Segurtasun perimetro batetik ari gara ura botatzen. Mugatuta gaude.
Sutea amatatzeko lanetan ari zara, baina lur-jausiaren osteko lehenengo erreskate taldean ere parte hartu zenuen. Noiz komunikatu zizuten amiantoagatiko arriskupean egon zinela?
Hurrengo goizean komunikatu ziguten amiantoarena. Nola da posible? Ulertu dezaket egoera nahasia zela, baina baten batek esan beharra zigun hor hondakin kaltegarriak zeudela. Sarraskietan eta erreskate taldeetan ari garen heinean, badakigu gure lanak, alde horretatik, ez direla baldintza onekoak. Baina ez duguna ulertzen kontrol falta da. Nola da posible amiantoa zegoenik inork ez jakitea? Gogoan dut Eusko Jaurlaritzako teknikari batzuk gurekin zeudela. Amiantoarena jakin izan bagenu beste neurri batzuekin prestatuta joango ginatekeen.
Atzo azterketa mediku bat izan zenuten. Zer esan dizuete?
Prebentziorako eta zerbitzu medikoko kideak etorri ziren. Etorkizunean izan genitzazkeen arriskuak zeintzuk izan litezkeen azaldu ziguten. Banaka hartu gintuzten azterketa medikoa egiteko. Kronologia moduko bat azaldu genuen baina gertatutakoan askorik bustitzen ez diren sentipena daukat. Iruditzen zait gaiari inportantzia kentzeko ahaleginetan ari direla.
Amiantoari buruz zer esan dizuete?
Haren balizko eraginak epe luzera agertuko liratekeela. Lur-jausia gertatu osteko erreskatean erabilitako arropa hartu digute. Jantziak enpresa batera eraman dituzte ea amiantoaren arrastorik dagoen zehazteko. Emaitzaren arabera, jantziek ez dute amianto aztarnarik. Horrenbestez, garbitu egingo dizkigute jantziak, eta, gero, bueltan ekarri. Gipuzkoako kideen kasuan, jantziak erretiratu dizkiete. Ez dituzte atzera ere zerbitzuko kideengana bueltatuko.