Zaldibarren ezohiko osoko bilkura egiten ari dira. Udalak esan duenez, Eitzagako ur-txorrotak ez erabiltzeko aholkua eman dute osasun teknikariek. "Zenbait ur-hartze pribatutan egindako neurketen ostean agertu diren adierazle batzuengatik" egin dute gomendioa. Udalak adierazi du 12:30etan jaso duela aholku horren berri.
Abisua, Eusko Jaurlaritzaren azken txostenaren ostean etorri da. Gaur goizean, uraren egoerari buruzko azken txostenaren berri eman du Jaurlaritzak. Horren arabera, "Zaldibarko, Ermuko eta Eibarko bizilagunek segurtasun osoz kontsumitu" zezaketeen iturriko ura.
Osasun teknikariek azaldu dute txorroteko ura ez erabiltzeko gomendioa "neurri prebentiboa" dela eta parametroak neurri "egokietan" daudela. 19:00etan Eitzagako bizilagunekin bilduko dira teknikariak.
Airearen kalitatearen neurgailuak
Bestalde, Juan Mari Uriarte alkateordeak Eusko Jaurlaritzari eskaturiko bi aire kalitate neurgailuetako lehena Zaldibarren dago jada. "Arratsaldean jarriko dugu, Etxebarria baserriko inguruetan". Uriarteren arabera, neurgailu horiek "ezaugarri bereziak" dituzte, eta "adierazle ugariak" eskainiko dizkete teknikariei.
Zaldibarko EH Bilduren eskaria
Horrez gainera, gaur egindako ez-ohiko osoko bilkuran, EH Bilduk hainbat eskari luzatu dizkio udal gobernuari, besteak beste, kanpo ingurumen aholkularitza eta ikuskaritza kontratatzeko, eta aire, ur eta bestelako neurketen emaitzak Eitzagako eta Sallabenteko bizilagunei zein gainontzeko zaldibartarrei eskaintzeko eskatu diete. "Zabortegiaren hondamendiaren arrazoiak ikertzea eskatzeko eta fiskaltzaren aurrean salaketa jartzeko eskaera ere luzatzen diogu".