Oharrean azaldu duenez, "Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailak gaur agindu dio Verter Recycling 2000 SL enpresari 7 eguneko epe luzaezinean bidal dezala jarduera-plan bat, Zaldibarren duen zabortegiko luiziak sortutako gertakaria konpontzeko, ingurumen-administrazioak azter eta balora dezan". Eskatu duten informazioaren berri eman du Jaurlaritzak: instalazioaren "isuri-ontziaren egonkortasunari buruz duen informazio historiko guztia”; 2019ko Ingurumena Zaintzeko Planaren dokumentazioa, ohiko egoera batean, martxoaren 31 baino lehen aurkeztu behar zuen; eta, gertakariarekin lotutako beste edozein dokumentu interesgarri.
Gaineratu dutenez, enpresari adierazi diote gertakariari buruz sortzen den informazio guztia bildu beharko duela, ondoren eragindako kaltearen irismena zehaztu ahal izateko. Publiko egin duten oharraren arabera, "enpresari ohartarazten zaio, ingurumen-legeriak agindutakoa betetzen ez badu edo osorik betetzen ez badu, ingurumen-administrazioak nahitaez betearazteko agindua emango duela, eta hamabost eguneko hertsapen-isunak ezarriko zaizkiola, agindutakoa betetzen dela ziurtatzeko",
Beste eskaera baten berri eman du Jaurlaritzak. Verter Recycling enpresari eskatu diote ebazpena eta zabortegiaren lerradurari buruz duen informazioa helarazi diezaizkiola hondakin ez-arriskutsuen isurketaren ondoriozko kutsaduragatiko ingurumeneko eta erantzukizun zibileko nahitaezko asegurua sinatuta duen aseguru-etxeari.