Ehunka zaldibartar batu dira udaletxe aurreko plazan hondakindegiko lur-jausiaren inguruan egindako kudeaketa dela eta sentitzen duten haserrea adierazteko. Gertatutakoa argitzea eskatu dute udaletxe aurrean egindako mobilizazio zaratatsuan. Mobilizazioaren amaieran Idoia Marin zaldibartarrak azaldu duenez, "desagertuta dauden bi langileak aurkitzea lehentasuna da". Herritarren eta Eitzagako auzotarren osasunean eta ingurumenean egindako kalteari irtenbidea topatzea eskatu dute. Instituzioen aldetik "isiltasuna" dagoela salatu dute. "Politikarien kudeaketa eza salatu gura dugu. Beharrezkoak diren erantzukizunak beraien gain hartzea exijitzen dugu", dio Marinek. Bestalde, zapatuan Eibarren manifestazio bateratu bat egitea pentsatzen ari direla aurreratu dute.