AP-8an, lur-jausia gertatu zen tokian, segurtasun-horma bat eraikitzen hasiko dira bihar bertan. Lanak gaur esleituko dituzte urgentziazko tramite baten bidez, Aldundiak ohar batean azaldu duenez. Interbiak-en bidez hiru enpresa gonbidatu dituzte euren eskaintzak aurkeztera. Proiektua gaur esleitzea eta lanak bihar hastea da Aldundiaren asmoa.
Donostiarako noranzkoan, sei metroko garaiera izango du eta 50 metroko luzera. 10 metroko zabalera izango du oinarrian eta hiru metrokoa goiko aldean. Horma 10 egunetan eraikiko dela estimatu dute.
Osasun Batzordea
Bestalde, Aldundiak Osasun Batzordearen ezohiko batzarra deitu du biharko. Bertan azalduko dute zer neurri hartu dituzten zabortegiko hondakinen artean agertutako amiantoaren inguruan. Horrez gainera, lur-jausiko lehenengo orduetan han lanean ibili ziren Aldundiko langileekin batuko dira. Besteak beste, jakin gura dute langile bakoitza zenbat denboran egon zen lur-jausia gertatu zen tokian lanean. Era berean, azpikontratatutako enpresei eskatu diete lur-jausian aritu ziren langileen zerrenda bat egiteko.