Lur-jausia gertatu baino zazpi hilabete lehenago, 2019ko uztailaren 19an, jaso zuen Jaurlaritzaren ikuskaritza batek hondakindegiak “konpondu beharreko hainbat arlo” zituela. Hala dio Ingurumen sailak gaur publiko egindako informazioak.
Informazio horren arabera, uztail horretan bertan, arazoari konponbidea emateko eskaria egin zion Jaurlaritzak Verter recycling 2002 enpresari. Honek, gero, urrian erantzun zion. Enpresak esan zuen hondakindegiak “egonkortasuna” zuela, eta hala ondorioztatzen zuela “ingenieritza espezializatuko erakunde batek” egindako ikerketak. Informazioak ez du zehazten zein enpresa zen.
Jaurlaritzaren beraren datu-base publikoan kontsultatu daiteke Verter recycling 2002 enpresari egindako ikuskaritzaren txostena. 2019ko azaroan dago datatua. Horrenbestez, ez dago argi uztailean txosten bat egon ote zen, eta gero, azaroan, bigarren bat egon ote zen.
”Espediente zigortzailea zabaltzea baloratzeko” fasean egon da Jaurlaritza
Arau-hausteen berri uztailean izan zuten arren, Moreno sailburuordeak gaur esan du enpresari “espediente zigortzailea zabaltzea baloratzeko unean” zeudela. EITB taldeko hedabideek jaso dituzte Moreno sailburuaren adierazpenak, hondakindegiko inguruetara egindako bisitan.