Eitzagako auzotarren eta hondakindegiko langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurriak hartzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Era berean, “airearen, lurraren, lur-azpiaren eta uraren” egoera aztertzea eskatu diote.
Zaldibarko EH Bildu herriko udal gobernuarengana ere zuzendu da: “udalak berehala eman diezaiela informazioa herritarrei gertatutakoaz eta hartutako neurriez, Eitzagako auzokideetatik hasita”. Azken hauei elkartasuna adierazi die, “hamarkadetan zehar jasan behar izan duten, eta jasaten ari diren segurtasun faltagatik”.
“Hondakinen kudeaketa ezin da esku pribatuetan utzi”
Enpresarien helburua “ahalik eta etekinik handiena” ateratzea dela iritzita, “pertsonen osasuna, bizitza eta ingurumena” jokoan ipintzen direla dio Zaldibarko EH Bilduk, eta, horrenbestez, hondakinen kudeaketa ezin dela esku pribatuetan utzi. Koalizioak gogora ekarri du “beti” egon dela zabortegiaren kontra.