Lur-jausia Zaldibarren

"Aurreko kotxeetakoak eskuak buruan zituztela zetozen. Gertatutakoa oso larria zela konturatu nintzen"

Jone Guenetxea 2020ko ots. 7a, 20:00

Atzo Zaldibarren gertatutako lur-jausia bertatik bertara ikusi zuen Jeni Lopez zornotzarrak. Irunetik zetorren, aurreko autoak frenatzen hasi zirenean. 

Zelan heldu zinen lur-jausia gertatu zen lekura?
Irunetik nentorren. Ermuako sarrera inguruan kotxeak frenatzen hasi ziren. Eskerrak astiro gindoazela. Ke mordoa ikusi nuen, frenoen eraginez izango zen. Hamabost kotxe inguru nituen aurrean. 

Zelan erreakzionatu zenuten?
Kosta egin zitzaidan erreakzionatzea. Kea ikusi nuenean auto istripu bat izango zela pentsatu nuen. Aurreko kotxeetakoak eskuak buruan zituztela zetozen. Gertatutakoa oso larria zela konturatu nintzen. Kotxetik irten eta bidean zegoen lur guztia ikusi nuen. Errepide horretan dagoen trafiko guztiagaz kotxeak harrapatuta egon zitezkeela pentsatu nuen. Nire kotxean sartu eta hantxe gelditzea erabaki nuen. 

Zein informazio izan zenuten?
Guk ez genekien ezer. Lur-jausira heldu ginenean larrialdi zerbitzuak heldu barik zeuden. Hogei minutu ingurura ailegatu ziren. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!