Lur-jausia Zaldibarren

“Baserriak hustea gomendatu digute; euria balitz lur gehiago jausi daitekeela diote”

Igor Galarza 2020ko ots. 7a, 16:30

Agustin Sanz (ezkerrean) eta Pedro Mari Abarrategi (eskuinean), Eitzaga auzoko baserrietako bizilagunak

Pedro Mari Abarrategi eta Agustin Sanz Eitzaga auzoan hustu zituzten bi baserrietako bizilagunak dira. Biak zeuden etxetik kanpo luizia jazo zenean, baina familiakoak zeuden barruan. Abarrategik ez du arriskurik ikusten etxetik ateratzeko; Sanz, berriz, "abisua eman arte" ez da itzuliko.

Eitzarango Oletxe baserrietan bizi diren bizilagunek bazuten Verter Recycling enpresaren jardunen berri: "Begenekien zaborrak eta hondarrak bertara botatzen zirela", azaldu du Abarrategik. Amiantoaren inguruan ez dute berririk izan, ordea, orain arte.

Udaletxeak gomendioa egin die etxean ez egoteko. Sanzek uste du "arriskurik ez hartzeko kontuagatik" dela: "Euria eginez gero, gehiago erortzeko arriskua dago, eta gero arrakaletatik eta filtratu daiteke". Hala ere, Abarrategik ez du uste bizilagunei helarazitako arrisku hori badagoenik, bere ustez "distantzia handia dago" eta autobidea erdian egoteak murriztu egiten du luizia gainera etortzeko aukera.

Sanzek esan du oraindik ez diela eperik eman. Hala ere, ostegunean ertzainak zeuden etxeetarako sarbidea galarazten; orain, berriz, eta atarian zinta bat jarrita dagoen arren, ez dago inor sartzea debekatzen duenik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!