Prozesua parte-hartzailea izan zen eta lau fasetan banatu zuten. "Egungo patioaren eredua 80ko hamarkadakoa da eta beste era bateko beharrizan batzuk betetzeko diseinatuta dago. Horiek identifikatu eta gero, beharrizanok bete ahal izateko diseinatu behar da", azaldu du Alaitz Urien jolastokiaren aldeko batzarreko kideak. Proiektua hirugarren fasean geratu da blokeatuta. Egoera honen aurrean, gurasoek kalera atera dituzte euren kezkak. Besteak beste, elkarretaratzeak, batzarrak eta sinadura bilketa abiatu dituzte; tartean, umeen "sinadura sinbolikoa". "Umeak ere oso inplikatuta egon dira proiektu osoan, eta ez da ohikoa eurei berba ematea eta entzutea", gaineratu du Iratxe Gorritxategik. Urien eta Gorritxategi Angel Blancogaz eta Saioa Rodriguezegaz batera daude batzarrak dinamizatzeko taldean.
"Desblokeatu guran"
Udalak, bere aldetik, krisi ekonomikoagaz eta SR1 delako proiektua gauzatu ezinagaz lotu du bloke egoera. "Hileak daramatzagu jolastokia handitzeko proiektua aurrera ateratzeko alternatiben bila. Krisi ekonomikoak ondorioak izan ditu SR1 proiektuan. Jolastokiaren proiektua garatzeko, 1.743.000 euro ordaindu behar dira, eta, ondoren, 282.000 euro jolastokirako", azaldu du udalak ohar baten bitartez.
Urtarrileko osoko bilkura egin aurretik, dozenaka herritar ordu erdiz bildu ziren udaletxe parean. Protesta egin zuten, zenbait tresnagaz zarata eginda. Aurrerantzean ere, antolatzen jarraitzeko asmoa iragarri dute gurasoek. Hilean behin batzarrak egingo dituzte, eta eguenero elkarretaratz