Zaldua plaza eta eliza ingurua lotuko dituen igogailua eraikitzea jasotzen du Zaldibarko aurrekontuen proposamenak

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 28a, 15:17
Gutxi gorabehera, tankera honetako itxura luke igogailu berriak.

Igogailuaz gain, hainbat eraikin publikotan eguzki-plakak ipintzea, futbol zelaiko argiteria LED teknologiagaz ordezkatzea, herriko hainbat hiri-altzari eta espaloi berritzea, eta euskarari eskainitako diru-partidak handitzea aurreikusten du udal gobernu taldearen proposamenak. 3.257.000 euroko aurrekontu proposamena dute guztira.

Zaldibarko alkatea Jose Luis Maiztegiren esanetan "aurrekontu errealistak eta arduratsuak dira, zaldibartarren bizi kalitatea hobetuko duten inbertsio asko jasotzen dituztenak. Asko dira aurten martxan ipini gura ditugun proiektuak eta udal honen kontuetara egokitzen direnak". 

Zaldua plaza eta eliza inguruak lotuko lituzkeen igogailua eraikitzea aurreikusten dute aurrekontuek. Gobernu taldearen arabera, igogailuak "nabarmen" hobetuko luke herriko irisgarritasuna. Azpiegiturak 425.000 euroko inbertsioa ekarriko luke.

Aurreikuspenen arabera eguzki-plakak ipiniko lirateke udal eraikinetan, hau da, haurreskolan, kiroldegian, frontoian, ikastetxean eta futbol-zelaian. Horretarako 20.000 euroko diru-partida bideratuko dute. Futbol zelaiko argiteria LED teknologiarekin ordezkatzeak 12.000 euroko inbertsioa ekarriko luke eta euskarari eskainitako diru-partidak, berriz, 10.000 euroan handituko lirateke.

Aurrekontu proposamena bihar egingo den udalbatzan eztabaidatu, eta, aurreikuspenen arabera, onartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!