Zaldibarren Jose Antonio Agirre parkean dagoen haurrentzako gunea estaltzeko lanak hasiko dituzte

Joseba Derteano 2019ko abe. 16a, 13:22

Lanak Gabonak aurretik amaitzea da helburua.

83.472 euroko aurrekontuarekin, Egur House System enpresak burutuko ditu lan horiek. Zaldibarko alkateordea den Juan Mari Uriartek azaldu duenez, “lanak gaur bertan hastea aurreikusten da, egurrezko egitura jarriz; ondoren, espazioa kristalez estaliko da. Gabonetarako prest egotea da gure helburua, ziur aski ostiral honetarako".

Udalak  37.491ko euroko diru-laguntza jaso du Bizkaiko Aldunditik proiektua gauzatzeko. Herriko alkatea Jose Luis Maiztegi jeltzaleak azaltzen duenez, 'Proiektu hau herritarren eskaera bat da aurreko legegintzaldian onartua izan zena, eta zalantzarik gabe beharrezkoa da joko hauek lehenbailehen estaltzea, Zaldibarren ez baitugu espazio estalirik eta egun askotan euria egiten duenez, ezinbestekoa delako gure herrian azpiegitura bat edukitzea'. Maiztegik gaineratu duenez, "estalkiaz gain, zangak egingo dira argiteria eta euri-ura biltzeko hodi berriak sartzeko".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!