Datozen asteetan, Zaldibarko Udala neurriak hartzen hasiko da herriko puntu beltzak egokitzeko

Aritz Maldonado 2019ko aza. 12a, 08:52

Zaldibarko Udaleko Berdintasun Sailean lanean dabiltza herriko puntu beltzak idefintikatu eta hauek egokitzeko. Jose Luis Maiztegi alkatearen berbetan, horietariko hiru identifikatuta dituzte, eta arazoa "berehala" konpontzeko asmoa agertu du. Elizondo kalean, udaletxera bidean dagoen puntu beltza kentzeko, ispilu bat eta foku bat ipiniko dituzte.

"Berehalako ekimena izango da", azaldu du Maiztegik. Elizondo kalekoa ez da izango Alde Zaharrean ipiniko duten argigune bakarra: eliza inguruetan eta Sanjoangoa etxean ere ipiniko dute argia. "Bide batez, Alde Zaharrari beste itxura bat eman gura diogu. Gauez oso ilun dagoela iruditzen zaigu eta argitasun apur bat eman gura diogu", arrazoitu du alkateak. LED tekonologia erabiliko dute, foku hauen inpaktu ekonomikoa "minimoa" izateko. Udalak 3.640 euro inbertituko ditu guztira hobekuntza hauek egiteko, eta lanak San Andres jaietarako egongo direla amaituta aurreikusten du alkateak.

Beste puntu beltz biak konpontzeko, gehiago itxaron beharko dute. Hala ere, "datozen asteetan" egitea aurreikusten du Maiztegik. Olarreagako autobus geltokia da gune horietariko bat. Bestea Muelles Zaldua inguruetan dago, Aranguenako etxebizitzetan. Bietan ere, argi fokuak ipiniko dituzte, guneak seguruagoak izateko.

Hirigunetik kanpora ere
Berdintasun Saileko kideak txosten osoa prestatzen ari dira, Maiztegi alkateak aurreratutakoaren arabera. Oraingoz, baina, herrigunean gauzatuko dira ekimenak. "Neurri hauek hartzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Horregatik, txostena egin eta berehala hartu ditugu neurriok", azaldu du alkateak. Hurrengo pausoa auzoetako puntu beltzak identifikatzea izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!