Kultur Etxearen proiektua Las hermanas eraikinera igarotzeko asmoa kritikatu du EH Bilduk

Aritz Maldonado 2019ko urr. 15a, 09:04

Kultur Etxearen gabezia auzi historikoa bihurtu da Zaldibarren. Izan ere, hainbat legegintzaldi daramatzate irtenbidea topatu guran, baina adostasunera heldu barik. Aurreko legegintzaldian proiektua bideratuta zegoela zirudien arren, iraileko osoko bilkuran udal gobernuaren jarrera salatu zuen Zaldibarko EH Bilduk.

"Guretzat arduragabekeria da proiektuaren fase honetan geldi uztea", adierazi du Eneritz Azpitarte EH Bilduko zinegotziak. Iraileko osoko bilkuran esandakoaren arabera, udal gobernua Osakidetzagaz negoziatzen dabil, kultur etxea Las hermanas eraikinean egiteko, Sanjoangoa baserrian barik. "Aukerarik onena hobetsiko dugu", adierazi du udal gobernuak. Alderdi subiranistari "salagarria" iruditzen zaio proiektua geratzea. "Azken urteetan ez duzue ezer ere esan, eta orain, gobernura heldu berritan, proiektu hau gelditzea eta bestelako aldaketak proposatzea ez dugu egoki ikusten", adierazi dute EH Bildutik.

Las hermanas eraikina herriaren erdigunean dago, eta Sanjoangoa, ostera, Alde Zaharrean. Kultur etxea Sanjoangoan eginda, EH Bilduren udal gobernuaren asmoa herrigunea zabaltzea zen: "Alde Zaharra eraberritzeko pauso bat litzateke". PSE pozik agertu da oraingo aldaketagaz.

Apirilean esleitua
2017an, 150.000 euroko inbertsioa onartu zuten proiektu honetarako. Horietako 100.000 inguru Atelier 80 arkitektura estudioak idatziriko proiektuan gastatu zituzten. Eurek irabazi zuten ideia lehiaketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!