Argindar kontratu bateratua uzteko erabakia "birpentsatzeko" eskatu dio EH Bilduk EAJri

Aritz Maldonado 2019ko urr. 3a, 13:00

Martxoan, argindar kontratu bateratua esleitzeko hitzarmena sinatu zuten Atxondoko, Izurtzako, Mañariko, Otxandioko eta Zaldibarko udalek. Guztietan, EH Bilduk gobernatzen zuen aurreko legegintzaldian. Maiatzaren 26ko udal hauteskundeek eragindako gobernu aldaketen ondorioz, (EAJk gobernatzen du orain) Atxondoko eta Zaldibarko udalek akordioa uzteko asmoa agertu dute.

EH Bilduk gogor kritikatu du erabakia, eta "birpentsatzeko" gonbita egin die jeltzaleei ohar baten bitartez. "Arduragabekeria eta itxurakeria da udalbatzetan Jaurlaritzak orain dela hile bi egin zuen moduan egoeraren larritasuna onartzea eta konponbiderako konpromiso zehatzik ez hartzea. Are gehiago, egun horretan bertan berrestea energia berriztagarrien aldeko prozedura bat bertan behera utziko dutela", azaldu dute.

Udalbatzetan mintzagai
Atxondon eta Zaldibarren irailean eginiko osoko bilkuretan gaiaz eztabaidatu dute. Zaldibarko EAJren berbetan, "planteamendu propioa" garatzea pentsatzen ari dira. "Energia berriztagarria lortzeko beste aukera batzuk aztertzen ari gara", azaldu zuen Juan Mari Uriarte zinegotziak. "Ez goaz beste herrien gestioa geu egiten", gaineratu zuen Jose Luis Maiztegi alkateak. Atxondoko udalbatzan ere ika-mika sortu zuen gaiak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!