“Oso pozik gaude, baina ez etapa garaipenarengatik bakarrik, baita zaleengana heltzea lortu dugulako ere”

Joseba Derteano 2019ko ira. 21a, 11:30

Ruben Perez, Euskadi-Murias taldeko lehen zuzendaria, gustura dago taldeak erakutsi duen mailagaz. Iaz bezala, etapa garaipen bat eskuratu dute, Mikel Iturriagaz, eta hainbat bider geratu dira lehenengo hamarretan. Gainera, taldekako sailkapena zazpigarren amaitu dute, UCIProTour-eko hainbat talderen aurretik.

Pozik zaudete egindako lanagaz?

Espainiako Vueltan bigarren urtez jarraian etapa garaipen bat lortzea ia ezinezkoa da, eta lortu dugu. Oso pozik gaude, baina ez etapa garaipenarengatik bakarrik, baita zaleengana heltzea lortu dugulako ere. Lasterketan, kotxean gindoazenean, zaleengan ilusioa piztu dugula sentitu dugu. Bertatik bertara bizi izan dugu hori. Berdin zion Espainiako zein aldetan geunden, "Aupa Murias" eta antzekoak entzun ditugu, eta askotan zorionak eman dizkigute egiten ari ginen lanagatik. Bizi daitekeen gauzarik politenetarikoa da. Ni horregaz geratzen naiz. Ikusgarria da proiektuaren aldeko hainbeste mezu entzutea.

Vueltako protagonista izatea bilatu duzue hasiera-hasieratik.

Protagonista izateak bila genbiltzan horretara hurbildu gaitu; hau da, etapa garaipenera. Lehiakor aritzeaz gainera, etapa garaipenen borrokan ibili gara. Eguneko etapa norentzat zen aproposa aztertu, eta hari dena eskatzen genion. Besteei, ahal zen neurrian, indarra gordetzeko eskatzen genien. Hau da, jakin dugu etapa bakoitzerako nor aukeratu eta nori konfiantza eman etapa buru-belarri lehiatzeko.   

Taldeko sailkapena ikusita, UCI ProTour-eko talde asko baino hobeto aritu zaretela uste duzu?

Bai. Vueltako protagonista nagusia Jumbo taldea izan da. Gero, Miguel Angel Lopez eta Tadej Pogacar txirrindulariak datoz, eta euren atzetik Euskadi-Murias kokatzen dut. Horixe da errealitatea. Protagonistak izan gara, eta, batez ere, bigarren astetik aurrera. 

Zuzendari batek beti izaten ditu etapa batzuk begiz jota, irabazteko aproposenak direlakoan. Mikel Iturriaren etapa garaipenekoa horien artean zegoen?

Bere etxetik gertuko etapa zen eta ibilbidea ondo ikasita zeukan. Ihesaldian burua hotz mantendu, eta aukerarik onena baliatzen asmatu zuen. Ez dakit une hartako azken kilometroetan baino nerbiosoago inoiz egon naizen. Tentsio ikaragarriko etapa izan zen.  

Eta tentsio guztiaren ondoren, garaipena xanpainagaz ospatzeko tartea hartu zenuten.

Ospatu genuen, bai, eta oso une polita izan zen. Talde guztiaren lana eta ahalegina errekonozitzeko unea izan zen: txirrindularien lana eta, oro har, taldeko langile eta laguntzaile guztiena. 

Mikel Bizkarra ere saiatu da protagonista izaten. Zazpigarren amaitu zuen la Cubillako etapa. 

Mikel oso ondo aritu da. Esan beharra dago Iturriak etapa garaipena lortu zuen egunean, Bizkarrak birus bat izan zuela tripan. Etapa hasi aurretik, botaka aritu zen eta ia lasterketa osoa bakarrik egin zuen. Benetan egun gogorra izan zen berarentzat. Hurrengo egunean ere ahul zegoen. Birusik izan ez balu, etapa gehiagotan lehian egongo zela esango nuke.

Alde positibo asko aipatu ditugu. Kendu beharreko arantzarik geratu zaizue?  

Oscar Rodriguezegaz hiru aukera izan genituen Vueltako lider ipintzeko. Helburu erreala eta egingarria zen. Hiru egunetan ihesaldietan sartzen ahalegindu arren, ez zen posible izan. Arantza moduan, horixe aipatuko nuke. 

Azkenaldian asko berba egin da Euskadi-Murias taldearen jarraipenaren inguruan. Vueltako emaitzek lagundu dezakete panorama argitzen?  

Denak laguntzen du. Enpresa batzuek mezuak bidali dituzte proiektu honetan egoteko zer egin behar den galdetzeko. Zenbait enpresak, beraz, proiektuarekiko interesa erakutsi dute. Hori garrantzitsua da. Gauzak bide onetik doaz eta laster dena konfirmatzeko moduan egongo dela uste dut. Dakidanagatik, taldeak aurrera jarraituko du.

Vueltako lehenengo etapan, Euskadi-Muriasen kotxe batek istripua izan zuen. Kotxe hartan zindoazen?  

Ez, ni ez. Taldekako erlojupekorako ibilbidea errekonozitzeko azken itzulira denboraz justu heldu ginen. Publizitate karabana irtetetzear zegoen eta karabanaren ostean joatea ez zen hain segurua ziklistentzat, bideak ez zirelako hain zainduta egongo. Gure kotxe bietako bat txirrindularien aurretik bidaltzeko eskatu zigun antolakuntzak, arrisku posibleak ekiditeko. Ziklistak irten ziren eta gu karabanagaz apur bat kateatuta geratu ginen. Ondoren, beste kotxeari txirrindularien aurretik ipintzeko agindu nion. Txirrindulariak aurreratu eta babeste nahi horretan, behar baino abiadura handiagoan sartu zen bihurgunera. Taldekako erlojupekoek tentsio handia eragiten dute, eta urduri samar ibili ginen. Dena dela, istripuak kalte materialak baino ez zituen eragin eta horixe da garrantzitsuena.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!