Euskadiko Parapente Txapelketa irabazi du Gorka Tornosek amaiera estu-estuan

Joseba Derteano 2019ko uzt. 10a, 13:44

Zaldibarren bizi den plaentxiarrak hiru segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari, hiru orduko hegaldiaren ostean.

Joan zen asteburuan Zudairen (Nafarroa) lehiatutako txapelketan sorpresa eman zuen Elorrioko Larrano parapente taldean dabilen Gorka Tornosek. “Probatzera joan nintzen eta ez nuen inondik inora irabazterik espero”, adierazi du. Bere parapenteari tela berria jarri dion aurten eta aldaketa igarri duela adierazi du. “Azkarrago joateko aukera ematen du”, zehaztu du.

Hiru orduko hegaldiaren ostean azken txanpan erabaki zen irabazlea. Hiru segundoko aldea besterik ez zen izan irabazlearen eta bigarren sailkatuaren artean. “Parapentean ez da ohikoa hain amaiera estuak izatea”, azaldu du. Hasieran abantaila hartu zuen, baina atzetik apurka-apurka denbora jaten joan zitzaizkion, emozio handiko azken kilometroetara heldu arte.

Egun hauetan Zarza Capillas (Extremadura) herrian dago Tornos, distantzia libreko Espainiako txapelketan parte hartzeko. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!