Euskal Herri osoan zehar dabilen olatu feminista hartu, eta herrian ekarpena egiteko helburuagaz jaio zen Dominika. Ordutik hona, jaietako brigada feministak, martxoaren 8ko greba orokorra eta beste hainbat ekimen antolatu dituzte. Eraso matxisten aurkako protokoloa ere osatu dute azkenaldian.
Iazko jaietan, lehenengoz, brigada feministak antolatu zituzten jaietarako, eta ekimenaren balorazio positiboa egin dute Dominikakoek. "Herriko neska talde batzuek eraso matxistak jasan zituzten, eta brigadara jo zuten. Neurriak hartu eta erasotzaileak kanporatzea lortu zen", azaldu dute. Aurten ere martxan egongo dira brigadak. Horretarako, formakuntza saioa jaso zuten ekainaren 24an, erasoen aurrean "aktiboki eta jarrera feministagaz" erantzuten jakiteko. Zaldibarko emakume guztiei brigadetan parte hartzeko deia egin diete.
Dominikaren omenez
Dominika emakume zaldibartarrak 70eko hamarkadan herrian egindako lanaren aitortza legez darama bere izena Zaldibarko talde feministak. "Zegoen legediari aurre eginez, abortua praktikatzen zuen. Egundoko lana egin zuen emakumeen eskubideen alde, eta berari omenaldi lez aukeratu dugu bere izena", azaldu dute Dominika taldekoek. Ikerketa lanetan murgilduta daude orain taldeko kideak. Diotenez, Dominikak inguruko emakumeei laguntzen zien, orduko "zurrumurru eta begirada txarrei" jaramonik egin barik. Garai hartako emakumeen egoera aldatzea zuen helburu.
Gozatzea, guztien ardura
Dominika taldekoek herriko jaiak guztientzat direla nabarmendu gura izan dute hasieratik: "Hasiberriak bagara ere, hemen izango gara beti, eraso matxistarik bako jaien alde borrokan, ausartak izateari utzi eta libre izan gura dugulako. Kaleak eta gauak geureak dira!".