Jasone Urizar eta Aitor Lopez zinegotzi eta hautagaiek ere hartu dute hitza ekitaldian, herri mugimenduetako beste hainbat lagunekin batera. Hain zuzen ere, parte hartzea jarri du Azpitarte EH Bilduren kudeaketa ereduaren oinarrian. "Parte hartzea gure politiken erdigunean jarri dugu, eta hori gobernatzeko moduan ikusi da: umeekin eta gurasoekin berba egin dugu eskolako obrak kudeatzeko, edota adinduekin, aurrekontu parte hartzaileetarako, adibidez". Hurrengo legegintzaldian politika egiteko eredu honekin jarraitzeko, koalizio subiranistaren aldeko bozka eskatu du Azpitartek.
Urruzunok, bere aldetik, Europako hauteskundeetan Errepublikak Orain! koalizioaren alde bozkatzeak duen garrantzia nabarmendu du. Horrez gainera, EH Bilduren eredua, EAJren eredu "klientelistaren" alternatiba bezala aurkeztu du. "Inor bazterrean utziko ez duen euskal errepublika sortzeko, erregimena, hemen ere erregimena dugulako, EAJren erregimen klientelista bota behar dugu lehenengo".