"Gaztetxeko gizonezkook greba babesteko modurik aproposena emakumeei greba hori egiten ahalbidetzea zela uste genuen", adierazi du Ibai Iraeta gazteak. Iazko zaintza kolektiboan parte hartu zuen, hainbat kidegaz batera. Roberto Machok ere parte hartu zuen, eta aurtengoa antolatzen ari da. "Dominika talde feminista, eta mugimendu feminista orokorrean, lan itzela egiten ari dira; gurea ekarpen txiki bat baino ez da", esan du.
Aurten greba 24 ordukoa dela kontuan hartuta, antzerako planteamendua egin dute. "Iaz oinarri bat jartzea gura genuen, eta aurten gehiago lantzen saiatu gara", azaldu du Machok. Horrela, Martxoaren 8an ume zaintza (Zapatublaiko lokalean) eta jantoki zerbitzua (gaztetxean) eskainiko dituzte, 10:00etatik 20:00etara bitartean. Greban parte hartu gura duten emakumeek 699 253 532 telefono zenbakira deituta edo umeenzaintza@hotmail.com helbidera idatzita egin ahalko dute umeen izen-ematea. Martxoaren 6ra arte egongo da izena emateko aukera.
Aitzindaria Durangaldean
Eskualdean zaldibartarrek urraturiko bideari jarraituz, Durangoko Sorginola gaztetxean batzarra egin zuten, eguaztenean, Zaintza lanen ardura hartu dezagun! lelopean. "Mutilen artean zaintza espazioa antolatzeko", adierazi zutenez.