Zaldibarko ospitaleko eremuko berdegune berria barikuan irekiko dute

Aritz Maldonado 2019ko ots. 26a, 14:03

Ospitaleko eremuko lurrek erabilera publikoa izango dute berriz; 3.500 metro koadro erabilgarri egongo dira Udalaren eta Osakidetzaren hitzarmenari esker.

 

Bi urteren ostean, ospitaleko eremuko lurrak herritarrentzat irekita egongo dira ostera barikutik aurrera. Martxoaren 1etik aurrera herritarrek erabilgarri edukiko dituzte ospitale barruan zegoen 3.500 metro koadroko berdegunea. Eneritz Azpitarte Zaldibarko alkatearen arabera, Osakidetzaren jarreraren ondorioz lanek hainbat atzerapen izan dituzte, eta aurrekontua ere handitu egin behar izan dute. Izan ere, 110.000 euro baino gehiagoko gainkostua eduki dute obrek. "Hasierako aurrekontua 224.246 eurokoa zen, eta Osakidetzak onartu zuen hori. Behin obrak hasita, aldaketak exigitu zituzten, eta horren ondorioz obrak gelditu behar izan ziren, gastua handituz" salatu du Azpitartek.

Adibidez, kontsultategiko atea, edota segurtasun langileen garita, ez zeuden hasieran onartu zen proiektuan Azpitarteren arabera. Azken hilabetean, azken ukituak eman dizkiote langileek parkeari, eguraldiaren ondorioz, baina, atzeratu egin behar izan dira. Parkea txukundu, argiteria berria ezarri eta banku berriak kokatu dituzte azken asteetan.

Azpitarteren arabera, parkea zaldibartarrentzako oso erabilgarria izango da. "Epe luzera begira eginiko inbertsioa izan da. Lur eremu hau irabaztea ez da epe motzerako kontua, urte luzetan disfrutatu ahako dugu zaldibartarrok. Ongizatea eta gainkostuak balantzan jarri eta aurrera egitea erabaki genuen".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!