“Emakumeok bizi dugun egoera ikusita, beharrezkoa zen Dominika sortzea”

Aritz Maldonado 2019ko urt. 28a, 10:05
Nerea Egiarte, Nerea Urizar eta Miriam Sanchez.

Hiru belaunaldik bat egin dute Dominika talde feministaren sorreran. Martxoaren 8ko greba buru-belarri prestatzen ari dira.

Nondik sortu da taldea?
Nerea Urizar: 2017ko jaiei begira, mugimendu feminista erasoen aurkako protokolo bat lantzen hasi zen. Neska talde bat bildu zen horren inguruan, baita martxoak 8ko 'Emakumeak Planto!' greba deialdiaren inguruan eta jaietako brigada feministaren bueltan ere. Irailean, bilera bat egin zen, eta talde feminista baten beharra zegoela ikusi zen. Taldea aurkeztu eta, astiro-astiro, lanean gabiltza ordutik.

Beharra, zertarako?
Nerea Egiarte: Azken hilabeteetan, ia astero egin ditugu kontzentrazioak, izenik eduki ez arren. Emakumeok gaur egun bizi dugun egoera ikusita, beharrezkoa da.
Miriam Sanchez: Zenbait alorretan zapalduta gaude oraindik emakumeak, eta horri aurre egiteko sortu dugu Dominika.
N.U.: Baita gu trebatzeko ere. Azkenean, ikusten dugu arlo horretan formakuntza bat behar dugula.
N.E.: Geure artean egiten hasiko gara. Udalak orain artean aukera eman du, ahalduntzeko ikastaroak eskainiz, adibidez. Hemendik aurrera, guk ere eskainiko ditugu.
M.S.: Batez ere, geure artean eztabaida sortzea gura dugu, talde eta pertsona moduan hazteko. Zaldibarko emakume guztientzat dago zabalik.
N.E.: Azken finean, heteropatriarkatuak indar handia dauka eta guk asko dugu lantzeko.

Zenbait belaunaldi batu zarete erantzun hau antolatzeko. Zer hausnartu ematen du.
N.E.: Egia esateko, niri hasieran lotsa apur bat eman zidan etortzeak, adinagatik. Baina, orain, guztiontzat aberatsagoa dela ikusten dut. Gazteek irudimen gehiago dutela ikusten dut. Guk, ostera, esperientzia dugu.
M.S.: Hori da. Adin tarte bakoitzeko kideek euren ekarpena egiten dute taldean.
N.U.: Belaunaldi bakoitzak bere modura sufritu du matxismoa. baina, azken finean, guztiok jasan dugu zapalkuntza emakume izatearren, modu batera edo bestera.

Zenbat emakumek osatzen duzue Dominika?
M.S.: Hamabostean behin, hamabost bat emakume biltzen gara. Zenbait lantalde ditugu. Talde protokoloa sortzen ari gara, adibidez.

Martxoak 8ko greba antolatzen hasi zarete?
N.U.: Bai, hasi gara lantzen. Aurten 24 orduko plantoa egingo da. Iaz, emakume piloa irten ginen kalera, eta aurten ere jende asko irtetea espero dugu. Erronka handia dugu.
N.E.: Iaz antolatu genituen ekimenak, jaietako brigada feministak esaterako, arrakastatsuak izan ziren, eta horregatik erabaki genuen urtean zehar lanean jarraitzea.

Nondik dator Dominika izena?
N.U.: 70eko hamarkadan Zaldibarren bizi zen emakume bat zen. Zegoen legediari aurre eginez, abortua praktikatzen zuen. Emakumeen eskubideen aldeko sekulako lana egin zuen, eta berari omenaldi txiki moduan aukeratu dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!