Gorka Otaduy pilotari berriztarra lehiatik kanpo dela, Olazar pilota txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte

Anboto 2018ko abe. 11a, 10:30

Zaldibarko Olazar pilota txapelketa azken txanpan sartu da. Joan zen eguenean banakako lehenengo finalerdiak jokatu zituzten eta etzi binakako zein lau t'erdiko finalak osatzeko falta diren partiduak jokatuko dira.

Zoritxarrez, Gorka Otaduy ez da partidu horietako protagonista izango. Ioritz Arrietak eta biek galdu egin zuten final-laurdenetako norgehiagoka, Oscar Lerena eta Jorge Sanchez errioxarren kontra: 18-22. Bete-beteko partidua jokatu zuten, luzea eta gogorra. Hamabosna berdinduta egon ziren. Azken txanpan, nekeak eragindako hutsek desorekatu zuten balantza errioxarren aldera. Edozelan ere, berriztarra gustura egon daiteke erakutsi duen mailagaz.

Gipuzkoarrak faborito
Honenbestez, Lerena eta Sanchez finalaren atarian daude. Eguenean jokatuko dute finalerdia, 21:30ean, Iraitz Zubizarreta eta Beñat Garmendia bikote gipuzkoarraren aurka. Azken hauek bikote sendoa osatzen dute eta adituek faboritotzat jotzen dituzte, baina alde handirik barik. Garmendia Aspe enpresagaz entrenatzen dabil eta datorren urte hasieran profesionaletan debutatzekoa da. Abenduaren erdian 21 urte egingo ditu.

Lau t'erdian Julen Osa eta Julen Egiguren gipuzkoarrek neurtuko dituzte indarrak. 18 urteko pilotari gazteak dira eta biek bizi mugitzen dute pilota. Egigurenek tantoa amaitzeko duen abilidadea erabakigarria izan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!