"Lurrean ezin dira bizi parapenteak emandako sentsazio eta bizipenak "

Aitziber Basauri 2018ko aza. 6a, 16:45

Umetatik gura izan du hegan egin Izaskun Azpitartek, eta amets hori egia bihurtzeko aukera eman dio parapenteak. Udaberrian hasi eta udazkena heldu arte, aire-perspektiba hartzeko  aprobetxatzen du zaldibartar honek.

Noiz hasi zinen parapenteagaz? Prestakuntza handia behar da?
Orain lau urte ikastaro bat hasi nuen Urduñako eskola batean. Ekipazioa nola erabili, nola aireratu, nola lur hartu eta hegan egiteko teknikak ikasi nituen. Oinarrizko nozioak. Ez da  prestakuntza larregi behar, baina segurtasuna oso garrantzitsua da. Ondo ikasi behar da parapentearen funtzionamendua, eta garrantzitsua da ekipo osoa ondo prestatzea. Hegan ondo egiteko, kilometroak egiteko, gauza guztietan lez, praktikatu egin behar da, esperientzia hartu behar da.

Gogoan duzu lehenengo hegaldia?
Bai, Sopelan izan zen. Beldurra sentitu nuen, baina emozio itzela ere bai. Sentsazio nahaste bat izan zen.

Kirol minoritarioa da. Ez da ohikoa parapentean aritzea. Nolatan hasi zinen?
Kasualitatea izan zen. Interneten probatzeko aukera ikusi nuen, eta egun bateko ikastaro labur bat egin nuen. Gustatu egin zitzaidan. Txikitatik izan dut hegan egiteko desioa, gauzak goitik ikusteko nahia, eta ohartu nintzen hegan egiteko aukerarik errezena eta merkeena parapentea zela; independenteena ere bai. Ekipamendua hartu, mendira joan eta hegan egiteko aukera ematen du. Urteetan dabiltzanek diotenez, azkenaldian asko animatu dira parapentea praktikatzera.

Zu harrapatu zaitu. Zer du bada?
Nork bere kabuz, bakarrik, hegan egiteko aukera ematen du. Horrek ematen duen askatasuna, emozioa, ez dute beste kirolek ematen.

Ez duzu bertigorik izango.
Bai, badaukat! Mendian, eskalatzen… izan dut. Baina hegan egiten ez dut bertigorik. Dena den, guk ez dugu amildegian behera jauzi egiten. Apurka-apurka, korrika eta haizearen laguntzagaz aireratzen gara.

Airetik nolakoa da perspektiba?
Zaila da azaltzea. Oso desberdina, ikaragarria. Haizea aurpegian, txoriekin hegan eginez...

Nolakoa da txoriekin elkarbizitza?
Oso ona! Txorien erreferentzia asko ditugu parapentean. Saiek lez planeatzen dugu, imitatu egiten ditugu. Korronte termikoa hartuta saiak biraka ikusten baditugu, hara goaz gu ere, beraiekin. Oso polita da. Trabatzeko beldurra sortu daiteke, baina ez da arazorik sortzen. Distantziak mantentzen dituzte.

Adrenalina askatzeko modu ona da?
Tentsio handiko kirola zein kirol oso lasaia izan daiteke parapentea. Hegaldi mota oso desberdinak daude. Egunsentian edo iluntzean, oso hegaldi lasaiak egin daitezke. Aldiz, korronte termikoak hartuz egindako hegaldietan tentsio une handiak bizi daitezke. Altuera hartzeko erabiltzen ditugu korronte horiek, sarritan zurrunbilotsuak. Distantzia luzeagoak egin daitezke gero eta altuera handiagoa hartuta. Batzuek 300 kilometro egiten dituzte lur hartu barik, eta, topatutako baldintzen arabera, tentsio handiko hegaldiak izan daitezke. Hegaldi motak txandakatzeko aukera ere badago.

Zenbat kilometro egin dituzu zuk gehienez?
60 inguru, zerbait gehiago. Munduko errekorra 600 kilometroan dago. Muturreko hegaldiak dira, profesionalki ari direnak egiten dituzte.

Haizea etsai ere baduzue?
Eguraldi txarra, euria dugu etsai. Parapenteak planeatzeko propietateak galtzen ditu bustiz gero. Euria, haize gogorra, ekaitza… oso arriskutsuak dira. Baldintza zehatzak behar dira hegan egiteko. Aireratzeko, haizea aurka behar dugu, eta indartsu joz gero hobe altuera handietara ez joan. Baldintzen arabera erabakiko dugu nora joan.

Izan duzu inoiz esperientzia txarrik?
Ez. Kolperen bat hartu dut txarto lur hartuta, haizea indar handiz sartu delako, baina ez dut susto handirik izan. Baldintza txarretan nahiago dut hegan ez egin.

Aireratzera animatuko zenuke jendea?
Gustatuz gero, noski. Esperientzia ederrak eskaintzen ditu. Komunitate txikia gara eta lagunak egiten dira. Zaletasun berdina konpartitzen dugu, eta une onak bizi daitezke. Jende asko ezagutu dut, bikotekidea ere bai. Lurrean ezin dira bizi parapenteak emandako sentsazio eta bizipenak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!