“Jendea ez da mugitzen talde berriak ezagutzeko; gurago du hauek etxe albora etorri arte itxaroten egon”

Aritz Maldonado 2018ko aza. 4a, 19:45

2016an laukote moduan hasi ostean, egun Igor Rodriguezek (ahotsa eta baxu-jotzailea), Adrian Muñozek (gitarrista) eta Javier Olmok (bateria-jotzailea) osatzen dute La Última Bala talde zaldibartarra. Bertako Gari Rock Elkartean entseatzen dute. 'Rock & Roll' izeneko diskoa kaleratu dute aurten, izaera eta freskotasun handiko abestiz osatua.

Zelako esperientzia izan duzue estudioan?
2018ko udaberrian grabatu genuen diskoa, Andoainen (Gipuzkoa), Alvaro Remacharen estudioan. Aurretik ere bagenuen estudioko esperientzia taldekideok, egon garen beste taldeekin ere grabatu izan dugu eta. Egia esan, Alvaroren lan onak eta disponibilitateak eragin handia izan du grabatzerakoan. Horiek izan dira gakoak. Izan ere, estudioko orduak gure lanorduekin tartekatzea lan gaitza izan da. Emaitzagaz oso pozik geratu gara eta jendeak ere ondo erantzun dio diskoari.

Diskoa 'Rock&Roll' deitzen da. Izenburu zuzena.
Egia esateko, ez genuen pentsatu diskoaren izenburu moduan. Azalean agertzen dena gure logoa da, eta egiten dugunaren isla izatea bilatzen genuen. Zerbait erraza egin gura genuen, ikusteagaz batera taldeagaz identifikatuko zuena jendeak. Badakigu ez dela erraza, baina, gutxinaka, bagabiltza lortzen. Diskoan, kamisetetan eta kontzertuetako karteletan hainbat bider errepikatu dugu.

Garai onak al dira rock & rollarentzat?
Egungo eskaintza musikala oso zabala da. Talde asko daude eta horietako asko oso onak dira, gainera. Leku asko ere badaude jotzeko. Hala ere, horrelako eskaintza kopuruaren eraginez, baliteke ikuslea bere konfort egoeratik ez irtetea. Jendea ez da mugitzen talde berriak ikusteko edo ezagutzeko, eta gurago du horiek euren etxera hurbildu arte itxaron. Egia da, baita ere, teknologiari esker klik bakarragaz munduko musika guztia duzula eskura gaur egun . Guk, ordea, rock & rolla zuzenean sentitzearen aldeko apustua egiten dugu, jendeak bere sentsazioak momentuan erakusteko eta garagardo batzuk eskuan ditugula barre egiteko.

Zeri buruz abesten duzue?
Hitzak, batez ere, Igorrek egiten ditu. Esaldi bat edo pare bat hartu, eta forma ematen die abestia garatzen joan ahala. Egunerokoan arduratzen gaituzten gauzei buruz abesten dugu. Adibidez, prostituzioa, korrupzioa eta konpromiso sozial eza hartu ditugu gai disko honetako abesti batzuetan. Beste batzuetan, ostera, erromantikoago jartzen gara, eta gaueko bizitzari buruz edo giza harremanei buruz abesten dugu.

Musikalki, zeintzuk dira zuen influentzia nagusiak?
Hainbat estilotako eraginak ditugu. Talde askotatik edaten dugu. Nazioarteko batzuk aipatzearren, Motorhead, Black Sabbath eta Jimmy Hendrix aipatu ditzaket. Estatukoei dagokienez, M-Clan, Marea eta Extremoduro aipatuko nituzke influentzia nagusi moduan. Euskal Herriko hainbat talde ere oso gustuko ditugu; adibidez, Parabellum, Soziedad Alkoholika, Su Ta Gar, Barricada eta La Polla Records, beste talde batzuk aipatzearren.
Kontzertu zaleak izan gara beti, eta izaten jarraitzen dugu. Estilo  ezberdinetako kontzertuak ikusten ditugu, gainera. Zabalik gaude talde berriak ezagutzeko, izan ro-cka, heavya, edo hardcorea jotzen dutena. Pentsa, pop kontzertuetan ere egoten gara.

Pozik orain artean eskainitako zuzenekoekin?
Guretzat ez da batere erraza zuzenekoak lortzea. Laneko txanden edo lan higuingarrien menpe gaude, eta horrek ez digu uzten epe luzera begira kontzertuak lotzen. Hala ere, ahalik eta gehien jotzen saiatzen gara. Hainbat lokal eta aretotan aurkeztu dugu diskoa, eta publikoaren harrera nahiko ona izan da. Gehiago jo gura dugu, noski, orain buru-belarri ari gara kontzertu bila, eta eskaintza bat dugun bakoitzean datak koadratzen saiatzen gara kontzertua eskaini ahal izateko.

Aurrera begira, ze asmo duzue?
Momentuz, lokalean jo eta su ari gara entseatzen, eta ahalik eta kontzerturik gehien eskaintzen, horrela  taldea ezagutzera emateko. Abesti berriak sortzen ere bagabiltza, eta datorren urtean disko berri bat kaleratzea gustatuko litzaiguke.

Zerbait gehitu gura duzue?
Laguntzen digun jende guztiari eskerrak eman gura dizkiogu, eta, batez ere, Oskar Lahoreri. Ikaragarri laguntzen digu kontzertuetan, kartelgintzan eta sare sozialekin. Pott produkzioei ere gure eskerrik beroena, jakina. Berriki kamisetak atera ditugu, eta kontzertuetan erosi daitezke. Facebooken orrialdea dugu, eta gura duenak hortxe izango du gure berri. Osasuna eta rock&rolla. Beti geratuko zaigu azkeneko bala.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!