Gorka Otaduy protagonista Olazar pilota txapelketako lehenengo jardunaldian

Joseba Derteano 2018ko ira. 20a, 10:40

Gaur Olazar pilota txapelketaren 31. aldia hasiko dute Zaldibarren. Urtero moduan, afizionatu mailako pilotaririk onenetakoak batu ditu.

Durangaldeak ordezkari bakarra izango du: Gorka Otaduy. Lehenengo jardunaldiko protagonistetako bat izango da pilotari berriztarra. Ioritz Arrieta aurrelari hernaniarragaz osatuko du bikotea. Biek Ojuel eta Arratibel izango dituzte aurkari. Partidua 21:30ean hasiko da.

Zaldibarko txapelketak sasoian harrapatu du Otaduy. Irail hasieran Zumaiako torneoa irabazi zuen Iker Salaberriagaz bikotea osatuta. Otaduyren bikotekideak, Arrietak, esperientzia handia du afizionatuetan. Esaterako, 2014an  Gorrotxategigaz batera irabazi zuen Olazar pilota txapelketa.

Aurtengo aldian 16 bikotek parte hartuko dute binakakoan, eta 16 pilotarik lau t'erdian. Partidurik gehienak eguenero jokatuko dituzte eta final handia abenduaren 31n izango da.

Faborito argi barik
Txapelketak ez du faborito argirik adituen ustez. "Maila antzerakoa duten bikote asko daude. Hamar bat bikote ikusten ditut irabazteko aukerekin", dio Enrike Agirrebeitia antolatzaileetako batek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!