Cañete eta Luengo erreferente dira Euskadiko arku-tiro probetan

Joseba Derteano 2018ko uzt. 19a, 17:00

Arku-tiroan belaunaldi biren isla dira Lidia Cañete Jaio (Durango, 1969) eta Elisabeth Luengo Luque (Durango, 1992). Zaldibar Arku Taldeko Cañetek bere palmares oparoa handitu egin zuen joan zen asteburuan Getxon, Euskadiko arku-tiro txapelketa irabazita.

Durangoko Arkulariak taldeko Luengok, berriz, hirugarren sailkatu eta podiumera igotzea lortu zuen aire zabaleko txapelketan eta senior mailan parte hartzen zuen lehenengo aldian.

Euskadiko txapela jantzita, asteburu bat lehenago Espainiako txapelketak utzi zion arantza ateratzea lortu zuen Cañetek. Santanderren jokatutako txapelketan, sailkapen fasean berak baino puntuazio eskasagoa lortutako aurkariak kanporatu zuen gero. "Kanporaketa horretan ez nuen egun ona izan. Hobeto egin nezakeen sentsazioa geratu zitzaidan eta Euskadiko txapelketak horixe erakutsi zidan. Esaterako, 30 puntu gehiago lortu nituen sailkapen proban". Euskadiko kanporaketetan Elisabeth Luengo herrikidea kanporatu zuen lehenengo eta Mirene Etxebarria finalean. Etxebarria ez zen nolanahiko aurkaria; oraintsu arte Madrilgo Errendimendu Handiko Zentroan ibili da.

Teknika aldatzearen saria
Arku-tiroan teknika asko daude geziak jaurtitzeko. Barruko probetan 18 metrora egoten da itua, eta aire- zabalekoetan, 70 metrora. Distantziaz gainera, argia eta haizea dira gezia jaurtitzerakoan eragin dezaketen beste faktore batzuk. Ildo horretatik, Luengo gezia jaurtitzeko teknika aldatzen ari da. "Teknikaren hainbat pauso aldatu ditut. Hasieran kosta egiten da, baina entrenatzaileak eta biok onerako izango dela uste dugu", esan du. Euskadiko hirugarren postuak erakusten du aldaketa bere fruituak ematen ari dela, baina denborak aurrera egin eta bere teknika doitu ahala  "hobekuntza gehiago" igarriko duela uste du. Aire zabalean zein barruko probetan, bietan teknika berri horregaz jarraitzeko asmoa du.

Cañeteren antzera, Espainiako txapelketan aritu zen Luengo. Bere lehenengo parte hartzean "oso urduri" zegoela onartu du, eta Euskadikoan baino puntuazio baxuagoa lortu zuen. Hala ere, estreinaldia izateko, gustura geratu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!