Boskoteak aitortu duenez, jaiei hasiera emateak ilusio "ikaragarria" egiten die eta "oso emozionatuta" daude. "Herriko nagusiokin gogoratu dira pregoia botatzeko, eta, gainera, hitza hartuko dugu", adierazi dute San Martineko kideek.
Bostak igoko diren arren, jubilatuen etxeko 50 bat lagunen babesa izango dute uztailaren 5ean. "Balkoira geu igoko gara, baina gainontzeko kide guztiak ere gugaz egongo dira txupinazo egunean", jarraitu dute. Gainera, agian, elkarteko kide nagusienari txupinazoa jaurtitzea proposatuko diotela jakitera eman dute.
Jaien hasiera elkartearen lana ezagutzera emateko baliatu gura dute San Martin elkarteko kideek. Jubilatuen elkarteak urte asko daramatza Zaldibarren lanean, herriko nagusiei topalekua eskainiz eta hauen artean ekintzak bultzatuz. "Uste dugu urte guztian zehar egiten dugun lana aintzat hartu gura izan dutela honegaz", esan dute pregoilariek.
Horrez gain, herritarrengana babes eske ere joango direla jakinarazi dute pregoia botako duten kideek. "Pentsio duinak lortzeko borrokan gabiltza eta zaldibartarrei ahal duten neurrian laguntzeko eskatuko diegu", adierazi dute elkarteko kideek. Astelehenero hamarka lagun batzen dira udaletxe aurrean pentsio duinak eskatzeko, eta herriko gazteei ere euren mobilizazioekin bat egiteko dei egin diete. "Herritar guztion beharra daukagu. Gainera, zuen etorkizuna ere jokoan dago", jarraitu dute.