Brigada feministara batzeko deia egin dute Zaldibarko jaietarako

Aritz Maldonado 2018ko eka. 28a, 10:30

40 emakume inguruk eman dute izena jada. Datorren astelehenan, hilak 2, asanblada irekia antolatu dute brigadan parte hartu nahi dutenentzako.

Iaz aurkezturiko eraso matxisten aurkako protokoloa indartu gura izan du Zaldibarko mugimendu feministak brigada antolatuta. Brigada jaietan emakumeak libre izan eta jaiez gozatu ahal izateko eratu dela azaldu dute prentsaurrekoan.

Eraso sexisten aurkako protokoloak hainbat atal jasotzen ditu, adibidez, eraso sexista bat jasanez gero egin beharrekoa, edo biktimaren bat hurbilduz gero egin beharrekoa azaltzen ditu. Eraso ezberdinen deskribapena ere zehazten du protokoloak.  

Protokoloa zaldibartarrei zabalduko diete datozen egunetan. Txosnagunean, tabernetan eta barraken eremuan protokoloa banatuko da bere osotasunean, eta herritarren buzoietara triptiko bat helaraziko da. Edozein eraso ikusiz gero, mugimendu feministarekin harremanetan jartzeko telefono zenbaki bat eman da ezagutzera: 650 475 190.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!