“Talde lan oso neurtua du obrak; akatsek eragina dute, baina ongi irteten denean, asebetetzea ikaragarria da”

Aritz Maldonado 2018ko mai. 13a, 11:00

Martxoan estreinatu zenetik, hainbat emanaldi izan ditu Abadiñoko Gorakada antzerki taldearen 'Ulisesen Bidaia' antzezlanak. Besteak beste, Basaurin, Gasteizen eta Eibarren antzeztu dute obra taldekideek, eta Espainian ere egon dira antzezlana aurkezten. Joan den astean eskualdean estreinatzeko aukera izan zuten, Zornotzan, eta gaur, ostera, Durangoko San Agustin kulturgunean egongo da 'Ulisesen Bidaia' ikusgai. Ulisesen azalean sartzen den Haritza Rodriguez (1977) zaldibartarra.

Zelan joan zen Zornotza Aretoko emanaldia?
Oso ondo. Jende asko joan zen, gainera. Obra sortzeko prozesuan bertan egon ginen, hamar egunez-edo entseatzen, eta hori ere abantaila bat izan zen; lekua ezaguna zitzaigun, eta hori eskertzekoa da horrelakoetan.

Zelako harrera izaten ari da antzezlana, orokorrean?
Oso ondo funtzionatzen ari den lana da. Erritmo aldetik, obra nahiko apurkorra da. Hau da, zerbaitek huts egiten badu, berehala igartzen da eta arreta osoagaz egin behar da lan antzezpen osoan zehar. Material oso potenteagaz egiten dugu lan, eta eszena bakoitzean mundu ezberdinak sortzen dira; horrek ikuslearen arreta garatzen laguntzen du. Tentsio handia eskatzen du lanak, polita da egiteko, eta are politagoa ikusteko. Talde lan oso neurtua da, zehaztasun handikoa; pieza batek huts egiten badu, obra guztian eragiten du. Zaila da egiteko, baina ondo irteten denean, asebetetzea ikaragarria da.

Zeri buruzkoa da antzezlana?
Ulisesen istorioan oinarritutako lana da. Omeroren odisean ikusitako pasarterik gehienak agertzen dira antzezlanean. Aurrekoan Moby Dicken egindakotik apur bat aldentzen saiatu ginen; hura oso ondo egon zen, baina zerbait ezberdina egiteko beharra sentitzen genuen, eta hau egitea izan da gure apustua. Eszenografia eta materiala burdinezkoak dira, hau ez da egurra bezain gozoa [Moby Dickerako egurra erabili zuten gehien bat]; musika, ostera, elektrikoagoa da, eta proposamena bera industrialagoa da, nolabait esateko; punkiagoa da guztia. Alde horretatik, arriskutsuagoa izan da guztia, gauza asko hartu behar izan ditugu-eta kontuan, baita soinu eta argi aldetik ere, baina, modu berean, horrek emaitza aberastu du.

Horrelako erronkek erakargarriago egingo dute zure beharra, ezta?
Bai, Jose Garcia zuzendariagaz egiten dudan hirugarren lana da; ez da konforme geratzen egindakoagaz, eta lanetan aurreko obra gainditzea bilatzen du. La Vuelta Al Mundo izan zen beragaz egin nuen lehenbizikoa. Hortik Moby Dickera egin genuen salto; bertako hizkuntza gordinagoa zen, ez hain umeentzaT, beharbada. Arlo horretan, Ulisesen Bidaiagaz jauzi kualitatiboa egin dugula uste dut, izan ere, lan hau bada familia osoarentzako antzerkia.

Zein da zure papera antzezlanean?
Ni Ulises naiz.

Durangon arituko zarete gaur. Zer sentsazio duzu?
Durangon aritzea etxean aritzea bezalakoa da. Familia osoa etorriko da ikustera, eta oso gogotsu gaude denok. Normalean, Gorakadak harrera ona izaten du Durangon, eta oraingoan ere aretoa betetzea espero dugu. Gainera, inguruetakoak gara guztiok: ni zaldibartarra; Ion Chavez berriztarra, argiekin dabil; Igor Iglesias durangarra, soinuagaz; eta Fran Lasuen zornotzarra da. Emanaldi berezia izango da guretzat.

Baduzu beste proiekturik esku artean?
Gorakadagaz Moby Dick eta Ulisesen Bidaiagaz jarraitzen dut. Horiez gainera, Barsanti kale antzerki taldeagaz Umore Azoka Leioarako antzezlan bat prestatzen nabil. Etxetik kaleratu dituzten agure biri buruzko obra da. Zapatu honetan aurrestreinaldia dugu Usansolon, eta Leioan egingo dugu aurkezpena, gero, jaialdiaren baitan.

Orain urte bi eginiko elkarrizketa batean, ibilbide profesionalagaz pozik eta une gozoan bizi zinela zenioen. Berdin jarraitzen duzu?
Oso gustura nago. Gorakadan egiten nabilen guztiagaz ere oso gustura nago; zuzendariak darabilen hizkuntza eta egiteko modua asko gustatzen zaizkit. Aipatzen duzun elkarrizketa horren garaian Malas Compañías taldeagaz ere banenbilen lanean, baina hori utzi egin behar izan dut, zahartuta nagoelako (barrez). Ez, benetan esanda, kide bik taldea utzi genuen, bizkarreko arazoak eduki genituelako. Akrobaziak eta zirkua alboratu egin ditut momentuz, baina, gerora begira, badut berreskuratzeko asmoa. Ea datorren urterako edo. Lagun baten obra zuzentzen ere banabil. Asko gustatzen zait lan hau. Lan falta ez dagoen bitartean, ondo. Orain artean ez dut ikus-entzunezkorik egin. Orain arte nahikoa eduki dut antzerkiagaz, baina ez dut baztertzen noizbait jauzi hori egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!