Gazteentzako alokairu soziala sortzea eskatu dio Barrura taldeak udalari

Aitziber Basauri 2018ko mar. 27a, 10:20

Gazteei zuzendutako alokairu soziala sortzea eskatu dio Zaldibarko Barrura taldeak udalari. Gazteentzat diseinatutako plan bat behar dutela diote landutako mozioan, “gazteen baldintzetara egokitua eta gure errealitateari erantzungo diona”. Gaineratu dute Gazteentzako Alokairu Sozialerako Programa sortzea “ezinbesteko pausoa” dela gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunei aurre egiteko.

Barrura taldeak 18-32 bitarteko gazteei bideratutako programa bat  behar dela uste du, eta parte hartuko duten herritarren diru sarrerak, gehienez, 17.000 eurokoak izan behar direla. Hortaz, lan kontratua ez litzateke baldintza izango. Era berean, gazte bakoitzak, gehienez, 120 euro ordainduko lituzke alokairuagatik, eta udaleko teknikari batek etxebizitzak egokiak diren ala ez ziurtatuko luke. Teknikariak etxea nola dagoen ere zehaztuko luke, eta etxe bakoitzean bizi daitekeen lagun kopurua ere jakinaraziko luke.

Udalak jabetzan dituen etxeen alokairutik jasotako dirua etxebizitza politikan inbertitzea eskatu du Barrurak, eta udalak eraikin hutsak jabetzan balitu, gazteentzat alokairu sozialerako etxeak egitea aztertzea; psikiatrikoko eraikina jarri dute adibide lez. Egitasmoaren diseinuan gazteen parte-hartzea “ezinbestekoa” dela ere esan dute.

Alokairu soziala bultzatzeko, udalak herrian dauden etxe hutsen inguruko azterketa egitea eskatu du Barrurak; eta etxe hutsak gazteentzako alokairu sozialera bideratu daitezen, udalak bitarteko lana egitea bankuekin zein jabe pribatuekin. Herriko gazteen %40k baino gehiagok egin dute bat Barruraren proposamenagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!