“Europan eta Euskal Herrian hazten” dabilen arrazismoaren aurkako ekimenak, Zaldibarren

Aritz Maldonado 2018ko mar. 16a, 11:08

Duela lau urte urratzen hasi zuen bidetik jarraitzen du Zaldibarko Jendeak elkarteak; zenbait jatorritako zaldibartarrek parte hartzen dute ekimenean. Duela lau urte, Aniztasun Jaia antolatzen hasi ziren; hainbat jatorritako zaldibartarrek herriari egiten dioten ekarpen kulturalari gorazarre egiten zaio bertan.

Bigarrenez, Arrazakeriaren Kontrako Astea antolatu dute; jende baten partetik jasaten duten bazterketa salatzea du helburu. “Europa osoan zehar zein Euskal Herrian bertan zabaltzen ari da arrazakeria, eta kezka handiz ikusten dugu hori”, azaldu du elkarteko kide den Roberto Machok.

Aurtengo honetan, IGEagaz batera antolatuko dute Arrazakeriaren Kontrako Astea Zaldibarko Jendeak elkartekoek. Egun, hamar bat kidek osatzen dute taldea, baina ekimenetara jende gehiago ere joaten da, laguntzeko asmoz. Batez ere, jatorri afrikarreko kideek osatzen dute elkartea, eta horietako asko emakumezkoak dira. “Kubatarrak ere badaude, eta jatorri euskalduneko zaldibartarrak ere bai”, azaldu du Machok.

Gaur, martxoak 16, ekingo diote egitarauari, umeentzako eskulanekin. Ostean, kontzentrazioa egingo dute, pertsona guztientzat eskubide berdinak eskatzeko. Elkarretaratzea 18:30ean izango da, udaletxeko plazan. Amaieran txokolatada bat egongo da. Eguaztenean, ostera, “arrazakeriaren aurkako pelikula” bat eskainiko dute. Emanaldia liburutegian izango da, 18:30ean.

Herri mugimenduaren parte
Zaldibarko Jendeak elkartearen asmo nagusietako bat Zaldibar inklusiboa eraikitzen laguntzea da. Horretarako, udalaren harrera protokoloan laguntzen du, adibidez. Machoren esanetan, euskarak indarra hartuko du protokolo horretan. “Umeek ikasi egiten dute, eta gurasoei ere ikasteko erraztasunak eskaini behar zaizkie”, adierazi du. Horrez gainera, herrian egiten diren beste hamaika ekitalditan ere parte hartzen dute. San Andres jaietan, adibidez, ohikoa da sardina janean laguntzea; horrez gainera, jai batzordean ere parte hartzen du elkarteak, beste kultura batzuk erakusteko emanaldiak antolatzen, batez ere. Baina bestelako ekimenetan ere parte hartzen dute. Adibidez, Barrura egitasmoak berriki egindako alokairu sozialaren proposamena babestu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!