Ainhoa eta Koldo Gasteizko bikoteak 2015eko irailean hartu zuen hegaldia Buenos Aires hirira eta 2016ko abuztuan Quiton bukatu zuen Hego Amerikan zehar eginiko urtebeteko bidaia: Argentina, Txile, Patagonia, Bolivia, Peru eta Ekuadorretik ibili ziren. Gaur, 18:00etan, Zaldibarko liburutegi zaharrean izango dira euren abenturaren berri emateko, ikus-entzunezko batek lagunduta.
Martxoaren 15ean, eguenean, Bilbao Film Festivaleko lanik onenak erakutsiko dituzte: The Last Honey Hunter (Kultura eta Natura film onena 2017ko jaialdian), Aurrera (Mikel Peñak zuzenduta), The frozen road (zuzendaririk onena) eta Safety third (eskalada film onena). Emanaldia 18:30ean hasiko da.
Martxoaren 19an, 18:00etan, Maite Maiora mendi korrikalaria joango da. Mendian korrika eta ametsetan ikus-entzunezkoak lagunduta bere esperientziak kontatuko ditu.
Azkenik, martxoaren 22an, 18:30ean, Jose Ramon Agirre mendizaleak bere ikus-entzunezkoa eskainiko du: Gasherbrum II: Bizitzaren Bidea. Aurreko lanetan bezala oraingoan ere, Agirreren ibilaldien ikuspegia azaltzen duten irudiekin gozatzeko aukera izango da. Grasherbrum (8.305 metro) inguruan, glaziarren ondoan ezkutatuta dauden mendiak eta tontorrak ikus daitezke diaporaman.