“Hasieran jokalariek ez zuten ulertzen zergatik utzi genien gola sartzen”

Joseba Derteano 2018ko mar. 4a, 11:30

Kirolean formakuntzari eta balioei buruz berba egiten denean, ondorengo gertaera erabili daiteke adibide moduan. Benjamin mailako Gertasport eta Zaldua taldeak izan ziren protagonista. Julen Calleja (1996) Zaldibarko taldeko entrenatzailea da, Mikel Marinegaz batera.

Markagailuan 4-3 atzetik zindoazten partiduko azken minutuan. Zer gertatu zen?
Kolpe bat hartuta, Gertasport taldeko jokalari bat lurrean zegoen eta epaileak geratu egin zuen partidua. Gaztea artatu ostean, jokoari sake neutral bategaz ekin zioten berriro. Jokoa geratu aurretik baloiaren jabetza Gertasportena izan zenez, baloia eurei itzultzeko agindu nien nire jokalariei. Gazte batek ez zuen ondo ulertu; baloiagaz aurrera jarraitu eta gola sartu zuen. Orduan, besteek baloia zelai erditik atera zutenean, geldirik egoteko eskatu nien. Horrela egin zuten, eta Gertasportek garaipenaren gola sartu zuen. Ez zegoen beste ezertarako astirik. Gola sartu eta segituan amaitu zen partidua.

Gazteek zelan hartu zuten erabakia? Ulertu zuten?
Hasieran apur bat haserre zeuden. Ez zuten ulertzen zergatik utzi genien azken gola sartzen. Ondoren, patxada handiagoagaz azaldu nien, eta ulertu zuten. Sarritan pazientzia izan behar da. Lehenengo azalpenean batzuek ulertuko dute, eta beste batzuek ez. Ba, horiei errepikatu egin behar zaie sarritan, arrazoia barneratzen duten arte.

Partidua ikusten zeuden gurasoek zelan erreakzionatu zuten?
Txalo batzuk izan ziren eta gustatu zitzaiela uste dut. Alde horretatik, erantzun ona egon zen.

Ume mailetako gurasoen jokabidea beti ez da eredugarria izaten.
Denetarik dago. Gure mailetan ez da arazo askorik egoten gurasoen partetik. Telebistan ikusten diren borrokarik eta antzerakorik ez dut sekula bizi izan.

Entrenatzaile ez ezik futbol jokalaria zara. Zelan Zalduan?
Denboraldia ondo doa, sailkapenaren erdian gaude. Nik iaz belauneko lotailu-haustura izan nuen eta aurten zaintiratua izan dut toki berean. Errekuperatzen nabil.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!