Horrez gainera, udalen “konpromisorik eza” salatu gura dute. Sindikatuaren berbetan, zortzi urtean erdira bajatu da langile kopurua, 72tik 34ra. CCOO sindikatuak udala eta Amankomunazgoa jo ditu egoeraren erruduntzat; lehena, zerbitzuaren kudeaketa lehiaketa bidez enkantean ateratzeagatik. Bigarrena, ostera, “kudeaketa negargarria” egiteagatik. “Biek ala biek ez dute oinarrizkoa den zerbitzu hau behar bezala baloratzen”, kritikatu dute.
Biharko protesta Zaldibarko udaletxearen parean izango da, 12:00etan. Ekimena CCOO sindikatuak aurrera daraman kanpainaren barne dago. Eskualdeko beste udaletxeen aurrean ere deituko dituzte protestetara.
Egungo araudiaren arabera, mendeko direnek ezin dituzte adituen laguntza eta prestatzioa batera eskatu. Amankomunazgoko gobernua (EH Bildu - Herriaren Eskubidea) araudia lantzen dabil, malguagoa izan dadin. Aitor Lopez Amankomunazgoko presidentearen berbetan, langile kopurua eskariaren araberakoa da, eta beharrizana txikitzearen ondorio da langile kopurua gutxitzea. “Jende batek prestazio ekonomikoa aukeratzen du zerbitzuaren aurretik, eta guk ezin ditugu behartu zerbitzua aukeratzera” azaldu du Aitor Lopez presidenteak.