“Mahai-jokoek burmuina eta sormena lantzeko balio dute, eta gero eta harrera hobea dute”

Aitziber Basauri 2018ko urt. 27a, 08:30

Eibarko Odisea elkarteko kidea da Mikel Auñon zaldibartarra. Duela urtebete murgildu zen mahai-jokoen munduan X-Wing miniatura jokoaren eskutik, eta aisialdirako alternatiba “interesgarria” direla uste du. Rol-jokoen inguruan ezjakintasun handia dagoela ere badio.

Mahai-jokoen I. Jardunaldiak izango dira domekan Zaldibarren. Zer topatuko du bertaratuko denak?
Mahai-jokoen mundua oso zabala da, aukera handia dago. Badaude joko oso konplikatuak, eta ulertzeko, barneratzeko, errazagoak direnak. Jokatzen hasi gura dutenentzat egokiak direnak eramango ditugu Zaldibarrera, eta askotariko jokoak probatzeko aukera eskainiko dugu.

Noiz sartu zinen jokoen munduan?
Urtebete izango da. Bataila espazialen itxura egiten duen X-Wing miniatura jokoagaz. Asko gustatu zitzaidan, eta oraindik ere jarraitzen dut. Estrategia jokoa da, mugimenduzkoa eta lehiakorra. Joko irekia da: denbora baten barruan gaurkotzen dena. Hilabete batzuren ostean, eguneratutako bat kaleratzen dute: espaziontzi berriak, arau berriak.... etengabe eboluzionatuz doa. Halakoekin ez zara inoiz aspertzen. Joko itxiak ere badaude. Horiek hainbat aldaera izan ditzakete, baina ez dira irekiak. Publiko mota guztietarako jokoak daude.

Mundu ezezaguna da?
Bai. Hala ere, gero eta ezagunagoa da. Gero eta jarraitzaile gehiago ditu. Internetek ere asko lagundu du jokoen mundu hau ezagutarazten.

Aukera handia dela diozu. Ze adinetik aurrera hasi daiteke jokatzen?
Hiru-lau urtetik 99 urtera bitartean. Jokoak adinari egokitutakoak dira, baina, askotan, adina ez da muga bat izaten. Ezagutzen dut X-Wing jokoan helduekin dabilen zazpi urteko mutikoa, Barakaldoko mahai-jokoen elkarte bateko ezagun baten semea. Joko oso lehiakorra da. Estatuan ez ezik, Europan  eta mundu osoan ere antolatzen dira lehiaketak. Rol-jokoak konplexuagoak dira. Elkartean denetariko jokoak ditugu. Betikoak ere bai, bilduma moduan gordetzen ditugu. Mahai-jokoak eskulana ere badakar: jokoen hainbat pieza geuk egindakoak dira; 3Dn inprimatu eta margotutakoak.

Nori zuzenduta antolatu duzue Zaldibarren jardunaldia?
Herrietan, askotan, aisialdirako aukerarik ez duen adin-tarte bati erantzun gura izan diogu: 13-17 urteko gazteei. Gaztetxoagoentzako jokoak ere badaude, baina mahai-jokoetan murgiltzeko saio bat izan gura du. Lokalean telebista aurrean edo kontsolekin ibili beharrean,  aisialdirako anternatiba oso interesgarria da. Gurasoek seme-alabekin edo lagunartean jokatu dezakete. Gainera, burmuina eta sormena lantzeko balio dute, eta gero eta harrera hobea dute, komunitate gero eta handiagoa osatuz.

Zeintzuk dira jokorik arrakastatsuenak?
Joko lehiakorrek dute komunitate handiena. X-Wing-ek zabalkunde itzela du AEBetan; halaber, Star Wars dela-eta, gaiagaz lotutako hainbat sortu dira orain. Modan dago. Rol-jokotik eratorritako La leyenda de los cinco anillos karta-jokoak ere arrakasta handia du, Erdi Aroko Japonian girotutakoa.

Atxikimendua sortzen dute?
Mendizalea astebururo mendira doan lez, guri joko hauetan aritzea gustatzen zaigu. Itsutu gabe. Ez da dirurik erabiltzen eta ez dago irabazteko grinarik. Ondo pasatzeko, dibertitzeko jokatzen dugu.

Rol-jokoen inguruan eztabaida handia dago gizartean.
Ezjakintasun handia dago horren inguruan, eta rol-jokoari min handia egin zaio. Jokoari egotzi zaio jarrera biolentoa izatea, baina pertsonaren ardura edo erantzukizuna da. Aukera handia da, rol-jokoak ez du zertan bortitza izan. Fantastikoa izan daiteke, herrialde bateko presidente izatea helburu duena... fikziozko pertsonaiak dira, mitologikoak edo asmatutakoak. Istorioa gidatzen duen narratzaile bat dago, eta jokalariek dagokien pertsonaiaren ezaugarriekin jokatzen dute. Badago rol-jokoetan sartuko ez nukeen aldaera, rol-jokoa errealitatera eramaten duena: simulazioa. BECen egin zen zonbien rol-joko baten simulazioa; 30.000-40.000 lagun batu ginen eta ez zen ezer pasa. Rol-jokoetan, kooperazioa, laguntasuna... sustatzen da gehiago, berariazko bortizkeria baino.

Zein onura dute mahai-jokoek?
Aisialdirako alternatiba da, larregizko gastua egin barik.Mundu desberdin bat ezagutzeko aukera da eta sormena sustatzen dute, pentsarazi egiten dute... Ikerketa batzuen arabera,  irakurketa eta kontzentrazioa sustatzen dute, pentsatzea, eta zenbait eskolatan joko batzuk sartu gura dituzte. Positiboak dira, ume zein helduentzat. Nik neuk esperientzia oso ona izan dut, eta jende piloa ezagutu dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!