Mende laurdena bete du Castet elkarteak

Aritz Maldonado 2018ko urt. 25a, 19:00

Aste osoan zehar ekitaldi bereziak antolatu dituzte. Gaur pintxo pote berezia egongo da. 

Ekitaldi nagusia urtarrilaren 27an izango da, 13:00etan. Tabernaren sortzaileak omenduko dira bertan, ekitaldi berezi batean. “Hasieran bezala, elkartearen helburuak kulturgintza eta oroimen historikoaren alde lanean jarraitzea dira” azaldu du Ainhoa Zabarte Casteteko kideak. Herri bazkaria egingo da bazkalostean, eta ostean, bingo musikatua egongo da. Iluntzean, Deiedrak dantzan jarriko ditu bertaratzen direnak beraien rebel-folk doinuekin.

Mende laurdena urrian bete arren, urteurren jaia urtarrilera atzeratu da taberna eraberritzeko auzolanean egindako obrengatik. 25 urteotako ibilbidea gora beheratsua izan arren, aurrera egiteko indarra auzolanetik atera dutela nabarmendu du Zabartek. “Azaroaren 5ean hasi eta 29ra arte goiz eta arratsaldez aritu zen jendea lanean taberna berritua zabaltzeko, adibidez". 

1937ko apirilaren 25ean Zaldibarko Santamañezar mendian hildako Iñaki Casteten omenez deitzen da elkartea horrela; Abellaneda batalloiko kidea zen Castet. Ordutik, Castet eguna antolatzen da apirilero.

Tabernaren birmoldaketa ez ezik, bestelako egitasmoak ere auzolanean egitera ohituta daude Casteteko kideak. "Eguneroko lanean ere gauza asko egiten ditugu bolondres modura. Eskaintza zabal batekin egitarauak prestatzen ditugu, eskaintza kultural zein gastronomikoa zabaltzeko asmoz". Horrela, afari mexikarra egin zuten joan den astean, adibidez. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!