Txakurren araudia gogortu egin dute hiru txakur sei urteko ume bati eraso egiteko zorian egon eta gero

Jone Guenetxea 2018ko urt. 23a, 11:54

Zaldibarko Udalak aldaketak egin ditu araudian txakurren ordenantza gogortzeko. Udalak abenduaren amaieran egindako osoko bilkuran hartu zuen erabakia, alderdi guztien adostasunagaz. Olazar parkean gertatutako eraso saiakera izan da udala neurriak hartzera bultzatu duena. Arantza Baigorri alkateak azaldu duenez, Olazar parkean txakurrak ibiltzea debekatzea erabaki dute. Gune hori atondu zutenean, txakurrek bertan egoteko baimena zuten.

Orain, ordenantzaren aldaketagaz kontrako erabakia hartu dute. Hartara, auzolanean konpondu zuten parkean ezin da txakurrik sartu. Alkatearen esanetan, parke honetara kirola egitera joateari utzi diote herritar batzuek, txakurrak solte dabiltzalako. Gertaera larri baten berri ere eman du. Uztailean, Olazar parkean hiru txakur sei urteko ume bati eraso egiten saiatu ziren. Zorionez, saiakera hutsean gelditu zen kontua. Hala ere, udalak neurriak hartzeko arrazoiak daudela azaldu du. “Pertsonen eskubideak lehenetsi ditugu. Herrigunean ez dugu lurrik txakurrei bideratzeko”, gaineratu du alkateak.

Txakurren jabeak, haserre
Txakurren jabeek kexa adierazi dute udalean, herrigunean ez dagoelako txakurrak solte ibiltzeko gunerik. Izan ere, Zaldibarko Udal ordenantzaren arabera, txakur guztiak herri osoan lotuta eraman beharko dituzte jabeek, eta arriskutsu moduan katalogatuta daudenei mozala jarri beharko diete. Gainera, udalean urtero berriztu behar izaten den txakurren asegurua aurkeztu behar dutela udalean gogoratu du Baigorri alkateak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!