“Ez dago sagardogile asko hemen, baina uste dut Bizkaiko sagardoa sustatu egin behar dela”

Aitziber Basauri 2018ko urt. 21a, 10:30

Aita sagardoa egiten ikusitakoa da Jose Antonio Elustondo mutikotan. Orain, berak hartu du lekukoa. Zortzi urte dira lurrean sagarrak hondatzen ikusita sagardoa egiten hasi zela. Aukeran, gurago du Bizkaiko sagardoa Gipuzkoakoa baino, eta hemengoa bultzatu egin behar dela uste du. Txotx egiteko prest aurkitu dugu Eitzagako Garaialde baserrian.

Nolatan hasi zinen etxean sagardoa egiten?
Baserri inguruan 50-60 sagar-arbola egongo dira eta zelaian, arbolatik jausita, hondatutako sagar piloa ikusita hasi nintzen etxean sagardoa egiten, duela zortzi urte. Gereziondo, mertxikondo, udareondo eta pikondoak ere baditut. Fruta-arbolak mentatzen ere ibiltzen naiz. Fruta-arbolak mota askotarikoak daude, eta sagar mota bat edo beste lortzeko mentatzen ibiltzen naiz.

Sagardoa egiteko, nolako sagarra behar izaten da?
Mingotsa. Berandukoa, gainera. San Juan sagarrak, adibidez, ez du balio. Goiz etortzen da-eta. Irail-urri aldera egiten da sagardoa. Aita zenak —Aizarnazabalekoa zen—  egiten zuen etxean sagardoa, ni mutikoa nintzela, baina harrezkero ez dugu sekula egin, neu hasi nintzen arte. 150 litroko kupela bategaz hasi nintzen. Gerora, 200 litroko eta 60 litroko beste bi hartu nituen, eta 20 litroko kupela txiki bat. Lagunartean afaltzeko elkartzen garenean eramaten dut hori.

Orduan aitari ikusita ikasi zenuen sagardoa egiten? Zein da prozesua?
Bai. Batutako sagarrak garbitu eta birringailuan sartzen ditut. Ondo birrindu ostean, prentsan sartu, eta apurka-apurka sagarraren ur guztia irteten joango da. Gero kupelan sartzen dut.

Zenbat produzitzen duzu?
Aurten, 500 litro inguru. Iaz gutxiago egin nuen. 2017a urte oso ona izan da. Sagar asko egon da eta oraindik ere badago. Irailean eta urrian sartzen dut sagardoa kupeletan. Normalean apirilera arte izaten dut bertan. Gero botilaratu egiten dut.  

Asteon abiatu da txotx garai berria Gipuzkoan. Bizkaian, astelehenean zabalduko dute. Zelakoa da aurtengo sagardoa? Baduzu ohiturarik sagardotegietara joateko?
Aurtengo sagardoa kalitate oso onekoa da, freskoa. Badut asmoa probatzera joateko. Gustatzen zait sagardotegietara joatea; halaxe sortu zitzaidan sagardoa egiten hasteko gogoa.

Badago alderik Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardoaren artean? Zein duzu gurago?
Mugakoak gara gu, bertan daukagu Gipuzkoa. Hala ere, nik neuk Bizkaikoaren alde egingo dut. Gozoagoa da Bizkaiko sagardoa. Oraindik ez dago sagardogile asko hemen, baina uste dut. Bizkaiko sagardoa sustatu egin behar dela. Gure parajea eguzki-begian dago, eta sagarra ondo heltzen da. 07:00etatik 23:00etara eguzkia dugu uda partean. Gereziak ere onduta izaten ditut sanisidrotarako, maiatzerako.

Hala ere, zeuretzat egiten duzu sagardoa. Inoiz pentsatu duzu saltzea?
Afizioz egiten dut nik sagardoa, eta familiakoen artean eta lagunartean banatzen dut. Lantzean behin garajeko bezeroren bati ere ematen diot botilaren bat. Saltzeko asmorik ez dut, momentuz behintzat. Akaso aurrerago... jubilatzerakoan edo (barrez). Semeak ere badu afizioa. Sagar-arbola batzuk sartuta ditu etxe inguruan eta saltsa horretan sartuta dabil. Asko gustatzen zaio sagardoa, eta neuri ere bai. Egunero edaten dut.

Zer du berezia?
Freskoa da, beste zera bat du.

Zein da sagardo ona lortzeko sekretua?
Sagarra. Horrez gain, nik neuk kupela itxi barik izaten dut denbora batean. Bizpahiru egunetan goraino betetzen dut kupela, gainezka izaten dut, haizerik hartzen utzi barik. Fermentatu dadin eta zikina kanpora atera dadin. Lantzean behin probatu egiten dut, eta mingosten badoan ikusi. Gero, lauzpabost hilabetean pausatzen uzten dut, kupela ondo itxita.

Erakustaldia ere egin zenuen Zaldibarren, San Andres jaietan. Nola joan zen?
Oso ondo. Sagardoa nola egiten den erakutsi genuen. Jende asko etorri zen Mallabitik, Atxondotik, Elgetatik, Eibarretik...  Neskato-mutikoak sagarrak batzen jarri genituen eta giro polita sortu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!